Ondareak gidatuko du aurtengo ArabaClick

Erredakzioa 2025ko eka. 30a, 15:08

Lorena Lopez de Lacalle eta Sandra Remon, ekimenaren aurkezpenean. ARABACLICK

Herri Argazkien VII. Topaketak Arabako memoriak izango du aurten gai nagusitzat. Abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik argazkiak bidaltzeko epea.

Arabako ondarearen inguruko argazkien bila ari dira ArabaClick Herri Argazkien VII. Topaketen antolatzaileak. Izan ere, Arabako memoriak leloak gidatuko du aurtengo hitzordua. "Ondarearen irudiak izan daitezke –eraikin historikoak, monumentuak, iturriak, garbitegiak, uraskak...—, edo elementu txikiak (armarriak...), paisaiak, mendiak, lorategiak, ibaiak, urtegiak, hezeguneak, hondakinak, ganadua, ibilgailu historikoak, azokak, etab.", argitu dute ekimenaren sustatzaileek.

Antolatzaileek ohar batean ezagutzera eman dutenez, Araban egindako 30 argazki bidali ahalko dira gehienez, eta abuztuaren 31ra arte utziko dute zabalik obrak aurkezteko epea

Revelare Kolektiboak, FotoGasteiz Gasteizko Argazkilarien Elkarteak eta Vital Fundazioak aldundiaren eta udalaren laguntzarekin antolatzen duten Arabaclick Herri Argazkien VII. Topaketak beste hainbat erakunderen laguntza du, hala nola Sancho El Sabio Fundazioa, Jardín Remoto, FotoGasteiz, IDarte, Izaskun Arrue Kulturgunea edo EHU.

Aurten lehiaketak bai erakusketa egoitza —hamar bat—, zein beka kopurua –sei— handitu ditu. Horrez gain, eskudiruzko sari emango izango dituzte, eta bi kategoria berri gehitu dituzte: gazte kategoria eta Revelare saria. Tartean, Jardín Remoto Argazkigintzaren Metabertsoan burutzeko prestakuntza bekak izango dira.

Parte hartzaileek arabaclick@gmail.com helbidera bidal ditzakete bat eta 30 arteko irudi sorta, WeTransfer edo antzeko zerbitzu batan bitartez. Aukeratutako argazkiak datorren udazkenean izango dira ikusgai Gasteizen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago