Bizkor RS monoplaza elektrikoa aurkeztu dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 30a

Andre Maria Zurian egin dute aurkezpena, larunbatean. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Erresuma Batuan eta Portugalen lehiatuko da Arabako ikasleek ondutako ibilgailua.

Gasteizko ingeniaritza eskolako Formula Student Vitoria taldeak Bizkor RS monoplaza elektrikoa aurkeztu du larunbatean. 

Uda honetan Formula Student UK —uztailaren 16-20 bitartean– eta Formula Student Portugal -uztailaren 27a eta abuztuaren 1ean— lehiaketetan erabiliko duen monoplaza elektrikoa da. Vital Fundazioaren, EHUren, aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Jaurlaritzaren babesa du proiektuak. 

Bizkor RS-k ibilgailuen "belaunaldi berri baterantz" urrats garrantzitsua suposatzen duela diote sustatzaileek, geometrien berrikuspen osoa eginez eta "errendimendua, egonkortasuna eta efizientzia nabarmen" hobetuz.

Andre Maria Zurian egindako aurkezpenean egon dira, besteak beste Jasone Luaces, Jorge Segovia, Markel Erauzkin eta Felix Masso ikasleak, Idoia Aguillo Vital Fundazioaren zuzendari exekutiboa, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Saray Zarate Ekonomia diputatua, David Montero BIC Arabako zuzendaria eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea. Monoplaza 14:00ak arte jarri dute jendaurrean ikusgai, Gasteizko herritarrek eta bisitariek bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dutelarik.

Formula Student Vitoria Arabako campuseko 50 ikaslek osatzen dute. Urtean behin
%100 elektrikoa den monoplaza bat diseinatu eta fabrikatzen dute, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago