Iaz baino trafiko gehiago espero dute irteera operazioan

Erredakzioa 2025eko ekainaren 27a

Nazioarteko trafikoa %3,8 igoko dela espero dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Araban hiru puntu kritiko izango dira 15:00etan hasiko den operazioan: Armiñongo lotunea, eta N-622 AP-1 eta A-1 errepideekin bat egiten dituen tokiak.

Iaz baino trafiko gehiago espero du Jaurlaritzak gaur 15:00etan martxan jarriko den irteera operazioaren atarian. Iazko datuekin alderatuz, nazioarteko trafikoa %3,8 igoko dela espero dute, eta %3 haziko bide da barne trafikoa. Aurten nazioarteko joan-etorrietan bi milioi ibilgailuk baino gehiagok EAEko errepideak zeharkatuko dituztela aurreikusi dute. Barne trafikoari dagokionez, 42,3 milioi joan-etorri aurreikusten dira. 
 
Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak nabarmendu dute "neurri bereziak" hartuko direla trafikoa arintzeko eta istripuak murrizteko. Arabaren kasuan hiru dira arreta berezia eskatuko duten puntuak: Armiñongo lotunea, eta N-622 errepidea AP-1 eta A-1 bideekin bat egiten duen tokiak, hain zuzen .

Nazioarteko trafikoari begira, orientaziorako kartelak jarriko dituzte, Portugalera eta Algecirasera iristeko ibilbideak markatuz. Armiñongo lotunean, berriz, N-1 errepidea hartzeko gomendioa emango dute, 6 kilometroko baino gehiagoko ibilgailu pilaketak gertatuz gero. Orotara, 550 ertzain arduratuko dira trafikoaren segurtasunaz. 2024an, udako desplazamenduetan, gurean bi hildako izan ziren, eta 2023an ez zen hildakorik gertatu Araban.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago