Gasteiz Anitza plataformako kideak Arabako Aldundiaren Gizarte Politiken batzordean egon dira gaur goizean, auzoetan bizi dituzten egoerak helarazi eta baliabideak eskatzeko. Lonjen okupazioen auzia, hein handi batean, instituzioen bitarteko gabeziak sortzen duela salatu dute. Bereziki aldundiaren baliabide faltak, gogorarazi dutenez, aldundia baita bazterkeria kasu larrian dauden pertsonak zaindu behar dituena.
Arabako aldundiak errealitate gordinari entzungor egiten diola salatu dute. Eustatek emandako datuen arabera, 2022an 762 pertsona zeuden bazterketa egoera larrian Araban. Hamar urtean bikoiztu egin da kopurua, 2012an 328 zenbatu zirelako. Gasteizko Udalak aurten emandako datuek diote hiriburuan 144 pertsona daudela kalean bizitzen, edo abandonatutako fabrika edo lonjetan.
Hala ere, datu hauek ez dute errealitate osoa islatzen, Gasteiz Anitza eta beste hainbat eragileren ustez, eta bazterketaren dimentsioa are handiagoa da, eta kritikatu egin dute instituzioek datuak biltzeko duten modua. “Gure bizilagunak dira. Ez dakigu zenbat diren, ikusezinak dira. Eta ez zaigu inporta. Instituzioek beste alde batera begiratzen dute. Eta ikusten ez diren pertsonei, existitzen ez direnei, ez zaie zerbitzurik bideratzen”.
Aldundiaren baliabide urriak
Baliabide falta egotzi diote aldundiari, eta ohartarazi dute gabezia horrek sortu dituela azken hilabeteetako gatazka egoerak Gasteizko hainbat auzotan. Aldundiaren zerbitzuetan artatu dezaketen pertsona kopuruaren zenbaketa eginda, 38 pertsona laguntzeko gaitasuna duela ondorioztatu dute, barne hartuta Besarkada etxea, Housing first ekimena, Etorkizun berria proiektua eta Abegia eguneko zentroa. Handitu egin dira zerbitzu hauek, 20 plazatik 38ra Gasteiz Anitzaren esanetan. "Aurrerapauso bat da, baina ez da inondik inora ere nahikoa".
Housing first (Lehenik etxebizitza) proiektua goraipatu dute plataformako kideek, esanez emaitza onak ematen dituela, eta hala frogatu dela bai Araban bai Europako beste hainbat lekutan. Egitasmo honekin bazterketa egoera larrian dauden pertsonei etxebizitza eskaintzen zaie, gero jarraipena egin, eta formakuntzak eta tresnak ematen zaizkie "bizitzen hasi ahal izateko. Besteon baldintza berberetan jokatzen hastea ahalbidetzen zaie". Azaldu dute eraginkorra dela, eta Araban ere lortu dela kalean bizi zen jendeari etxea ematea, baina gaitzetsi dute lau plaza soilik dituela proiektu honek Araban, eta arazoa, aipatu bezala, askoz larriagoa eta ugariagoa dela.
Salatu dute aldundiak ez dituela bere eginbeharrak betetzen, ez duela zerbitzurik eskaintzen ia, eta eskainitako zerbitzu urriak gainezka daudela. "Aldundiak ez dauka jantoki ziztrin bat ere, ez dauka eguneko zentrorik, ez arreta zerbitzu nahikorik ere". Gainera, aldunditik udalari pisu gehigarria ematen diotela ere salatu dute, bazterketa egoera larrian daudenentzat baliabiderik ez duenez udalaren zerbitzuetan gelditzen direla esanez, berez aldundiaren esku behar luketenean.
Lonjetan bizitzera behartuta
Beste aukerarik ez dutenez, asko behartuta egon dira bizigarritasun baldintza egokirik ez daukaten lonjetan sartzera, "bizirauten saiatzeko, instituzioen pasibotasunaren aurrean". Gaitzetsi egin dute zenbait hedabide eta alderdi politikok gaiari emandako tratamendua, mezu kezkagarriak zabaldu dituztelako, eta ardura duen instituzioari erreferentziarik egin gabe. "Nik haien egoeran edozer gauza egingo nuke bizirauteko. Ahal bada legezko bidean, eta lortzen ez badut, ez hain legezkoan. Ez nuke baztertuko lonja batean sartzea, edo udalaren jabetzako etxe batean, edo banku edo funts putreen etxeetan...".
Horren aurrean, auzokideen arteko elkartasunean oinarritutako ikuspegia proposatzen dute, kriminalizatu gabe, bizilagunetaz kezkatuz. Baina azaldu dutenez, instituzioen erantzuna bortizkeria izan da: Judimendi hiribideko lonjan bizi zirenei legez kanpo argia moztea, desalojoak eta kriminalizazioa. Gizarte Politiken batzordeari exijitu diote baliabide gehiago bideratzea egoera honi aurre egitera. Zerbitzuak handitzeko beharra aipatu dute, bai langile aldetik eta bai artatu daitekeen pertsona kopuruaren aldetik ere. "Ezin duzue bestaldera begiratu, etxebizitzaren arazoa konpondu gabe nekez konponduko da gainerakoa".
Zein auzotan gertatzen dira halakoak?
Gasteiz Anitza plataformakoak ez dira konforme agertu aldundiaren plazak 18tik 30era igotzearekin, esanez oraindik ez direla nahikoa. "Ez da gastu bat, inbertsio bat da. Mercedesi dirua ematen diozuenean bezala, edo Baskonia fundazioari edo beste ekimen pribatu batzuei. Inbertsio deitzen duzue, ez gastua". Azaldu dutenez, bazterkeriaren aurkako baliabideetan inbertituta probintziak lortuko lukeen onura ikaragarria da.
Okupatutako lonjak, gainera, ez dira edozein auzotan agertzen. Auzo "pobretu eta zaharkituenetan" gertatzen dira, plataformatik salatu dutenez. Batan auzoan lonja bat okupatua egon zela adierazi dute, "sei minutu iraun zituen", eta bitartean, Judimendin lonja batek urteak daramatzala okupatuta. "Poliziaren erantzuna ezberdina da auzoaren arabera".
Errota auzoko lonjetan bizi zirenak bota zituztela gogorarazi dute, baina ez dela arazoa konpondu. "Desagertu egin dira, baina lonja tapiatu zelako, ez zerbitzuetan lagundu dituztelako". Gainera, nerabe migratzaileen kasuan aldundiaren erantzukizuna handiagoa dela salatu dute, bere eskumeneko zerbitzuetatik datozelako asko. Hemezortzi urte betetzean kalean gelditzen direla ohartarazi dute. Berez badago zerbitzu bat, adin txikiko zerbitzuetatik irtetean trantsizioa egiten lagunduko diena, baina jakinarazi dute azken urteetan ez dutela jendea hara bideratzen. "2024an baino jende gutxiago artatzen dute aurten". Lehen gainezka zegoen zerbitzua, salatu dutenez, eta orain lasaiago daude, baina hara ez bideratzeko erabakia hartu delako, ez beharrik ez dagoelako. "Esku beltz bat" dagoela salatu dute.
Gasteiz Anitza 30 kolektibo baino gehiagok osatutako plataforma da, hainbat auzo elkarte, harrera sareak, mugimendu feministako kideak, zaintza sareak eta etxebizitza arazoak lantzen dituzten elkarteak barne. Kritika egin diote aldundiko Gizarte Politiken batzordeari, "bunker" bat dela esanez, eta zazpi hilabetez zain egon behar izan dutela bertan entzunak izateko. Alderdi guztiek eskertu dute haien parte hartzea batzordean, baina plataformatik harriduraz jaso dute eskerrak ematea arazoa azaleratzeagatik. "Zuen ardura da, uste dugu zuek ezagutu behar zenutela errealitate hau".