BECeko kontzertu historikoen diskoa kaleratuko du ETSk

Erredakzioa 2025eko ekainaren 25a

Hiru egunetan, 45.000 lagun elkartu zituzten BECen. Argazkia: GAIZKA PEÑAFIEL

Musika plataformetara igoko dute '20 Urte Zure Eskutik' lana, 19:00etatik aurrera.

Joan den martxoan hiru egunez bete zuen BEC erakustazokako kontzertu gunea ETSk. Talde arabarrak egin dituen hogei urteak ospatzeko kontzertuek 45.000 lagun elkartu zituzten, eta horiek diskoan jasota aurkeztuko dituzte gaur. 

20 Urte Zure Eskutik ETSren arrakastaren emaitza jasotzen duen proiektua da, bere ibilbidean mugarri bat ezarri duena. Zuzenean grabatuta, euskal taldearen ereserkiak biltzen ditu, eta kontzertuan zehar izandako lagunekin kantatutakoak; Zetak, Iñaki Ortiz de Villalba, Buhos, Dupla, Süne, Joselu Anaiak, Idoia edo Green Valley bezalako lagunak, eta euren abestiekin hazi den belaunaldi arteko publikoa lagun. Diskoa ETSren zazpigarren lana da. Genis Tranik nahastuta eta Alex Psaroudakisek masterizatuta.

"Badakigu ETSren diskorik onena dela. Ez bakarrik gure abesti enblematikoenak biltzen dituelako, baizik eta publikoaren emozioak kantu bakoitzean grabatuta geratu direlako, benetako ereserki bihurtuz", esan du Iñigo Etxezarreta ETSko buruak.

Gainera, martxoaren 22ko kontzertu osoa, 15.000 pertsona bildu zituena BECen eta 340.000 ikusle izan zituena EiTBren eta bere plataformen bitartez, Primeran EITBren streaming plataforman ikusi ahal izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago