Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek Foru Gobernuaren buruan daramatzan hamar urteetako balantzea aurkeztu du, lurraldean eragindako "eraldaketa" nabarmenduz: "Araba aukera ugariko lurraldea da gaur, oparoagoa, modernoagoa, erakargarriagoa, bateratuagoa eta irekiagoa", laburbildu du. Aldundiaren Jauregian egindako prentsaurreko batean, Gonzalezek esan du "konpromisoa" berritu nahi duela eraldaketa hori "gidatzen" jarraitzeko.
Gonzalezek azpimarratu du bere agintaldia erakundeen egonkortasunean, elkarrizketa politikoan eta lurraldearen aurrerapena bultzatu duen buruzagitza ereduan oinarritu dela. Dioenez, "ohore handia izan da" Arabarentzat "berebizikoa den aldi honetan buruzagi izatea". Eraldaketa sakonak bultzatu dituztela eta "erronka handiei" aurre egin dietela aldarrikatu du.
Diputatu nagusiak nabarmendu du Araban "begirunean eta akordioan oinarritutako politika sendotu" dela. Azken hamar urteetan, VOX ez beste alderdi politiko guztiekin lortu dira akordioak. EAJ eta PSE-EEren arteko gobernua "onuragarriena" dela azpimarratu du, eta hiru gobernu programa, aurrekontuak, zerga arauak eta erakunde erreformak "adostasunez" onartu direla gogoratu du.
Ekonomiaren sustapena agintaldiaren ardatz nagusietako bat izan dela babestu du. Gonzalezek azaldu du enpresei laguntza eman zaiela aldi zailetan, eta ekoizpen sarea eraldatzeko aldaketak bultzatu direla. Ondorioz, Arabak "enplegu betera hurbiltzea" lortu du: %6 inguruko langabezia-tasa eta 2015ean baino 25.000 pertsona gehiago Gizarte Segurantzan afiliatuta. Zergen bilketa ere nabarmen hazi da: 2015ean 2.000 milioi euro bildu ziren, eta 2026rako 3.000 milioi aurreikusten dira.
Logistikan, aldarrikatu du ARASUR garatu dela, Forondako aireportuko zama lanak "hobetu" direla, eta inbertsioak erakarri direla. Besteak beste, DHL, LIDL, Mercadona, Eroski edota Amazon enpresak aipatu ditu. Jundizko geltoki intermodalaren lehen fasea abiatu da, "Arabaren lehiakortasunerako giltzarria" den azpiegitura desblokeatuz.
Ekonomiarekin jarraituz, Gonzalezek dio alor hau dibertsifikatzeko estrategia bultzatu duela, "sektore estrategiko" berriak sortuz. Honakoak aipatu ditu: biozientzietan, Pharmalab 4.0 eta i+Med. Sektore aeroespazialean, AVS Next Teknologi Parkean ezarri da. Merlin Properties-en datu zentroa ARASURen aktibatu da, 3.000 milioi euroko "inbertsio potentzialarekin". Bereziki egoera solidoko bateriak garatzen dituen CIC Energigune ere aipatu du. Azkenik, ikus-entzunezkoen arloa ere gogoan izan du, azken urteotan horri bideratutako ekosistema bat sortzen hasi dela aldarrikatuz, jarduera ekonomikoko lerro berri gisa.
Industria tradizionalari dagokionez, Mercedes-Benz-en zabalkuntzarako 1.000 milioi euro bideratu dira, eta BAM Automozioko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa sortu da. Talgo erosteko eragiketan parte hartu da, eta LEAk izan duen larrialdi kasu batean lehenik eta behin laguntza bila aldundira jotzen dela gogora ekarri du.
Gizarte politiken arloan, zaintzen eredua "eraldatu" delakoan da Gonzalez: GOFEren aurrekontua 174 milioitik 270 milioira igo dela argudiatu du horretarako. Egoitza publiko-sozial berri bat sortu da, "beharrizan errealetan" oinarrituta. "Araba da pertsonako gehien inbertitzen duen lurraldea —1.000 euro baino gehiago biztanleko— eta egoitza plazen finantzaketa publiko handiena duena", adierazi du.
Azpiegiturei dagokienez, Saratxoko saihesbidea eta N-124 errepidearen erreforma aipatu ditu, eta, ordainsariak ere lorpenen artean kokatu ditu, gaitasun handiko bideen ordainketarako akordioa lortu dela esanez. Etxebizitzaren arloan, erosketa eta alokairua sustatu dira, eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin dela dio, Labrazako parke eolikoa eta Ekienea proiektu fotovoltaikoa bezalako ekimenekin.
Lehen sektoreari dagokionez, laguntza eman zaiola aldarrikatu du, belaunaldi txandaketa bultzatuz. Arabako Errioxan, ardoen bereizketa hobetzea erronka izaten jarraitzen du, "eskualdearen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa" delakoan.
Gonzalezen aburuz, toki erakundeen finantzaketa hobetu da, lurralde "orekatua eta polizentrikoa" sustatuz. Azkenik, 2023-2027 gobernu programaren %91,5 gauzatu edo abian dela aipatu du, bost ardatzetan oinarrituta: lehiakortasuna, kohesioa, jasangarritasuna, aniztasuna eta gobernantza ona.