Begoña Divar musikaria, Urrezko Zeledon

Erredakzioa 2025eko ekainaren 20a

Begoña Divarren lana goraipatu dute. Argazkia: URREZKO ZELEDON

Orotara, elkarteak 26 hautagai aztertu ditu, eta, horien artean, musika "odolean" daraman artista aukeratu du.

Begoña Divar musikariari eman diote 2024ko Urrezko Zeledon aintzatespena. Divar "musikari ezagun eta estimatua" da, epaimahaiaren arabera, eta "musikaz blai bizi den artistatzat" jo dute. "Gasteizko Udal Bandan, kalerik kale ibiltzen den fanfarreren batean edota txistuarekin jaiak animatuz, emakume hau beti musikarekin loturik ikusteko aukera dago edozein unetan", goraipatu dute. Are, musika "odolean" daramala diote. 

Hamar urterekin, Gasteizko Udal Musika Bandan sartu zen, hiriko musika talderik adierazgarrieneko lehen emakumea izanez. Ondoren, Espainiako Gazte Orkestra Nazionalarekin, Galiziako Orkestrarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu du, eta baita EAEko hainbat bandarekin ere. Boreas Camarako kide gisa, musika barrokoa abestu du, eta baita txirula jo ere, eta B3Dixieland bandako partaide ere bada. Musika elkartasunaren alorrera eraman du, Mugarik Gabeko Musikariak elkarteko kide gisa. 

Orotara, edizio honetan aukeratzeko 26 hautagai aztertu dituela ezagutarazi du elkarteak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago