Oposizioak gainditutako 46 suhiltzaileek funtzionario izendapena exijitu dute Batzar Nagusietan

Erredakzioa 2025eko ekainaren 20a

2022ko LEPtik postua esleitu gabe daude 46 suhiltzaile hautagai. Argazkia: Izendapena Orain

Gurtubai diputatuak adierazi du behin-betiko epaiari itxarongo diola. Aldundiari leporatu diote izendapena beharrik gabe atzeratzeagatik kalteak sortu dituela hiru urteotan.

Izendapena Orain plataformak agerraldia egin du ostegun honetan Batzar Nagusietan, eskatzko berehala izendatu ditzatela "karrerako funtzionario" suhiltzaile oposizioak gainditu zituzten 46 pertsonak. Hiru urte daramatza auzi honek zabalik, eta plataforman bildutako suhiltzaileek ziurgabetasun egoera salatu dute, "praktiketan edo behin-behineko postuetan" dauden jakin gabe.

2022ko lan eskaintza publikoa abiatu ostean froga psikoteknikoa birbarematu zen, eta ondorioz errekurtso asko jaso zituen aldundiak. Horri egotzi dio atzerapena Iñaki Gurtubai Euskara, Berdintasun eta Gobernantzako diputatuak. Adierazi du asko kostatzen ari dela oposizio hauek ixtea, eta argudiatu epaileek ebatzi behar dutela egin beharrekoa. "Gerta zitekeen nik gaur erabakitzea funtzionarioak izendatzea, eta datorren astean erabaki hori aldatu behar izatea."

Suhiltzaile izateko 46 hautagaiek oposizioa gainditu zuten, eta ondorengo lehiaketa, formakuntza eta praktikak ere bai. Atzerapenak kalte handia eragin diela ohartarazi dute, maila pertsonalean, familiakoan eta lan arloan; eta aldundiari eskatu diote duen "blokeoa" gainditzeko. "Ez dugu mesede bat eskatzen, jada irabazitako eskubide bat gauzatzea baizik".

Gipuzkoa eta Arabako aldundiek batera aurkeztutako lan eskaintza publikoa izan zen 2022ko suhiltzaileena, eta bi aldundien jarreren artean kontraesanak daudela salatu dute, eta gaitzetsi Arabako Aldundiak "babesgabe" utzi dituela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago