Uztailaren 1ean hasiko da Euskarabentura

Erredakzioa 2025eko ekainaren 19a

Atharratzetik abiatuko da Euskarabentura. Argazkia: EUSKARABENTURA

27 herritan pasako dute gaua; besteak beste, Araia, Argantzun eta Izarran.

Gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen espedizioa hastear da. Zazpigarren Euskarabentura izango da uztailaren 1ean Atharratzetik abiatuko dena. Euskal Herria zeharkatu ondoren, Getxon amaituko da uztailaren 31n. "Euskara oinarri izango dituen harreman berriak eraikitzen lagundu nahi du espedizioak, pauzoz pauso Euskal Herria alderik alde gurutzatzen, egunerokoaren gorabeherak bizitzen eta txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean", azaldu dute antolatzaileek.

Guztira, 126 gaztek parte hartuko dute, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural askotarikoak. Herrialdeka hauek dira kamiseta laranja izango duten gazteen kopurua: Bizkaiko 43 (%34,12),Gipuzkoako 26 (%20,63), Nafarroako 24 (%19,05), Arabako 13 (%10,32), Lapurdiko 13 (%10,32), Baxe nafarroako 5 (%3,97) eta Zuberoako 2 (%1,59). Aurten ez da diasporako kiderik izango. 

Gazteekin batera, 28 lagunek osatutako lantalde urdina espedizioan izango da: 2 koordinatzaile, 12 xerpa (begirale), 2 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 2 mediku, 3 erizain, 2 gidari, argazkilari 1, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1. Aurtengoan gainera aipagarri Ipar Euskal Herriko bi kide Xerpa lanetan arituko direla.

27 herri

Aurreko urtean bezala Atharratzen hasiko da, espedizioak Zuberoan etapa bat gehiago egingo du. Guztira 27 herritan pasako dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Abaurregaina, Iruñea, Añana, Argantzon, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Horien artean Abaurregaina da aurtengo espedizioan ezagutuko duten herri berria. Edonola ere, horiek eta beste hainbeste herri zeharkatuko ditu marea laranjak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago