Zadorra Bizirik plataformak Jugalez ibaia KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izan dadin "irtenbide integral bat" eskatu diete administrazioei. Taldeak dio Jaurlaritzak "baztertu" duela ibai hori babestea, Jaurlaritzaren zerbitzu teknikoek egindako gomendioak alde batera utzita.
Ohar batean, taldeak azaldu du Mikel Jauregi Jasangarritasun sailburuak apirilean Legebiltzarrean emandako erantzun batean adierazi duela ez dutela ibaia KBE izendatuko, aferaren "konplexutasun administratibo" handiagatik.
Plataformaren arabera, "inork ez du esku hartu" konplexutasun horretan. Diotenez, hori egitea beharrezkoa da natura babesteko ezein tramite aurrera eraman aurretik. Besteak beste, eta Ekolur enpresak Jaurlaritzarentzat berarentzat egindako txosten batean abiatuta, Zadorra Bizirikek aipatu du ur bilketetan esku sartu behar dela —batez ere ureztatzeko bideratuetara—, emari handiagoak lortu aldera. Bestetik, ibaiaren alboko lurrak esku pribatuetan daude, eta lur horiek diputazioaren esku egin beharko lukete, ibai hondoko basoetan esku hartzeak egin ahal izateko.
Gogora ekarri dute kudeaketa plan espezifikoak dituzten espezie ugari daudela ibai horretan —bisoia, igaraba, amuarraina, baso-igel jauzkaria, edota usapal europarra—, eta korridore ekologiko eta azpiegitura berde gisa sailkatuta dagoela.