Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 15 urtetik beherako erabiltzaile guztiek doan bidaiatzeko aukera izango dutela Alavabuseko eta eskualdeko garraioko lineetan. Uztailaren 1etik aurrera BAT txartel pertsonalizatua balidatu besterik ez dute egin beharko ibilgailura sartzean.
Arabako belaunaldi berrien artea garraio publikoa erabiltzeko ohitura sustatu nahi izan du aldundiak neurri honekin. Baina biztanleria orokorrarentzat ere badaude deskontuak, progresiboki ezarriko zaizkienak egindako bidaia kopuruaren arabera, BAT pertsonalizatuarekin. Txartel pertsonalizatua eskuratu daiteke Euskotrenek Gasteizko Antso Jakitunaren kalean duen bulegoan.
Hau da Foru Aldundiak iragarritako deskontu progresiboen sistema: 1-20 bidaia artean eginez gero, % 55eko deskontua; 21-50 bidaia artean, % 61eko deskontua; 50 bidaia egiten dituztenentzat, % 67 merkeago. BAT txartel anonimoa erabiltzen dutenentzat ere badago beherapena, % 40ko murrizketa orokorra.
Teknologian eta errepideen segurtasunean inbertsioak
Doakotasuna eta beherapen sistema berria adosteaz gain, Foru Aldundiak garraioari loturiko beste neurri batzuk ere onartu ditu gaur. 2,9 milioi euro inbertituko ditu 2025-2027 artean, garraio sistemaren teknologia hobetzeko. Alavabus eta eskualdeko garraioko autobusetako ekipamenduaren eta sistema zentralaren berrikuntza teknologikorako hiru kontratu sorta esleitu ditu. Kudeaketa hobetzea eta bidaiariei zerbitzu erosoagoa eskaintzea dute helburu neurriok.
Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren sailak 600.000 eurotik gora inbertituko ditu Arabako errepideen segurtasuna hobetzen. Istripu ugari izaten diren zonaldeak izango dituzte lehentasun, eta 2025eko azken hiruhilekoa eta 2026 hasiera artean gauzatuko dira lanak, hamar hilabetez. Besteak beste, hondatuta dauden euspen sistemak ordeztuko dituzte, motorzaleentzat egokitutako hesi berriak jarriko dituzte zonalde arriskutsuenetan, eta seinale gehiago jarriko dituzte txirrindulariak ibili daitezkeela adierazteko.