Tigre eltxoa (Aedes albopictus) detektatzeko zaintza programa aktibatu dute Jaurlaritzak, Neikerrek eta hainbat udalek, espezie inbaditzailearen nondik norakoak hobeto ezagutu aldera. Erakunde hauek "prebentziorako deia egin dute" espeziaren hedapena geldiarazteko.
EAEn aurtengo zaintza planak 46 udalerritako 68 laginketa eremu hartzen ditu bere gain. Arabaren kasuan, bederatzi udalerritan egingo dute jarraipena, baina, zabaldutako oharrean, Jaurlaritzak ez ditu udalerri horiek identifikatu. Gobernuak zabaldu dituen datuen arabera, Araban soilik Gaubean detektatu izan da espeziea 2023an, Mosquito Alert izeneko aplikazio batean jasotako datuetan oinarrituta.
Azarora bitartean zabalduko den kanpainaren azken helburua eltxo espezie honen hedapena geldiaraztea da, batez ere bere ugaltzea eragozteko neurriak hartuz. Arrautzak jartzeko ur pixka bat behar dutenez, Jaurlaritzak dio "eraginkorrena" haztegiak izan daitezkeen leku horiek "ezabatzea" dela, "etxean ura pilatzea eragotzita".
Iaz Valentzian 1,3 milioi ar antzu askatu zituzten, horiekin ugaltzean emeek aterabiderik ez duten arrautzak errun ditzaten. Beste hainbat lekutan, eltxoen ugaltzea eragozteko ale transgenikoak edo ugalketa eragozten duen Wolbachia bakteriodun milioika eltxo askatzen ari dira, gizakien artean gaitz hilgarrien transmisioa ekidin nahian.
Dengea, zika eta chikungunya bezalako gaixotasunak transmititu ditzakete eltxoek, EAEn kutsatzeko probabilitatea "oso txikia" bada ere. Munduan, kalkulatzen da urtean eltxoek milioi bat pertsona hiltzen dituztela, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan.