Iritzia

Mugaezin, etengabe

Arturo Lopez de la Calle 2025eko ekainaren 15a

Oiongo San Bizente ikastolaren alde ospatu zen 2024ko Araba Euskaraz. Argazkia: ALEA

"Hausnarketarako oinarri on bat da 'Mugaezin' kontzeptua, euskarak mugak gaindituz, eskola, herri, lurralde hesia gaindituz"

Araba Euskaraz Oionen alde ospatu – 2024ko ekainaren 16a– eta ia urtebetera, aste honetan bertan Bastida ikastolaren aldeko edizio berri bat egingo da Gasteizen.

Oso giro alaia eta parte hartzailea izan zen. Eguraldi ona lagun, egun osoan zehar giro euskaldun eta herrikoia nagusitu zen. Olarizuko zelaian familia, gazte eta adin guztietako pertsonak elkartu ziren. Arabako zortzi ikastolen arteko elkarlana eredugarria izan zen, eta Olarizuko esparrua aproposa jende ugari jasotzeko.

Gogoan dut erronkaz eta emozioz beteriko urte bizia izan zela, duela 50 urtetik lortu nahi dugun helburu berarekin: gure eskualdean euskara bultzatzea. Hortik gure leloa eta abestiaren izenburua: Mugaezin! Euskarak ez dituelako mugarik. Eh, Mertxe! taldeak sortu zuen abestia. Erritmo bizi batekin, ikastolako ikasle eta komunitate osoarekin landu zen bideoklipa giro ezin hobea sortuz.

Urte osoan zehar zabaldu genuen gure ilusioa eta gure festa (Araba Euskaraz), herrian hasieran, ondoren eskualdean eta azkenik Gasteizen.

2024ko Araba Euskaraz oso arrakastatsua izan zen xede, giro eta parte hartzeari dagokienez: euskararen presentzia indartu zuen, ikastolak elkarren artean lotu zituen, musika, tailer eta ekintza ugari eskainiz, eta Arabako Errioxako komunitatean euskararen sustapen garrantzitsua egin zuen. "Mugaezin" kontzeptua hausnarketarako oinarri on bat da, euskarak mugak gaindituz, eskola, herri, lurralde hesia gaindituz.

Oion Errioxarekin muga egiten duen herria da, eta, hain zuzen, hor hartzen du zentzurik handiena euskararen alde egiten dugun lanak.

Araba Euskarazek Euskal Herri osoan eta, batez ere, Araban gure lana agerian uzteko balio izan digu. Izan ere, gurea bezalako herri txikietako ikastolok lan handia egiten dugu eskualdeko gazteek 0 eta 16 urte bitartean ikasketak euskaraz egin ditzaten.

Egunero ilusioz eta profesionaltasunez lan egiten dugu ikastolan, gure ikasle guztiei pertsona arduratsuak, koherenteak eta errespetuzkoak izaten laguntzeko.

Gure ateak zabalik daude irakaskuntza-kooperatiba honetan parte hartu nahi duten familia guztientzat. Zurekin, gurekin, elkarrekin!

Hori baita gure etorkizuneko erronka, hezkuntza proiektu honekin aurrera egiten jarraitzea, herriaren alde eta herriarentzat, sortu zenetik egiten den bezala.

Helburua kalitatezko hezkuntza eskualdeko familia guztientzat, euskaraz izango dena, familian eta guztiok inplikatuta, proiektuaren oinarri gisa.

Arturo Lopez de la Calle, San Bizente ikastolako zuzendaria.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago