Araba berezia da, eta, neurri batean, tokiko egiturari zor zaio berezitasun hori. Arabako kontzejuak dira antolaketa horren oinarria, eta haien iraupenari esker, Arabako egungo herriek beren zerbitzuak, mendiak eta ondarea kudeatu ahal izan dituzte. Izan ere, kontzejuaren funtzionamenduak, non erabakiak zuzenean Auzo Batzarrak (Kontzejuak) hartzen dituen, aukera ematen die gure herrietako bizilagunei zuzenean eta eraginkortasunez parte hartzeko beren interesen administrazioan eta kudeaketan.
Kontzeju bidezko administrazio hau bere Usadio eta Ohituretan, Ordenantzetan eta Batzar Nagusiek onartutako Kontzejuei buruzko Foru Arauan oinarritzen da. Hala ere, 1995etik indarrean dagoen arau hori ez dator bat Arabako gizartearen egungo errealitatearekin, nabarmen aldatu baita 30 urteotan. Kontzejuek tresna eguneratua behar dute, XXI. mendeko errealitatearekin bat datorrena, eta beren autonomia eta eraginkortasuna indartzeko, tokiko kudeaketan herritarren parte-hartzea hobetzeko eta guztion ongizatea defendatzeko zeregina garatzeko aukera emango diena.
Orain, egungo Kontzejuen Foru Araua aldatzeko prozesuaren azken fasean gaude. Urte eta erdi baino gehiagoko lanaren ondoren, non gure lurraldeko iritzi eta ikuspegi desberdinak entzun diren, Ponentziaren lana amaierara iritsi da, eta Foru Gobernuak Kontzejuen Foru Arauaren Proiektua egin eta Batzar Nagusietan aurkezteko baliagarri izan behar diren ondorio batzuk landu ditu.
Toki-erakunde indartsuak behar dira, autonomoak, baliabide nahikoak dituztenak
EH Bildu nahiko pozik dago lantaldean adostutako ondorioekin; izan ere, gure proposamen guztiak jaso ez diren arren, zalantzan zeuden edo beste batzarkide talde batzuek onartzen ez zituzten gaiak jasotzen dira.
Lehenik eta behin, aurrera egin dugu kontzejuen aintzatespenean bertan. Hala, Arabako Batzar Nagusiek haien iraupena, autonomia eta garapena bermatu beharko dituzte. Era berean, administrazio honen izen ofiziala beti Kontzejua izatea proposatzen da, eta ez toki-erakunde txikia. Izendapen proposamen horrek balio behar du Kontzejua inoiz atera behar ez zen planoan kokatzeko, gainerako toki-administrazioen kategoria berean, ez gehiago eta ez gutxiago.
Bigarrenik, kontzejua ordezkatzen duten pertsonen lana hobetzera eta eramangarriago egitera bideratutako ondorioak ere onartu dira. Hautetsiek ohorezkoak eta doakoak izaten jarraituko dute, baina hobekuntza garrantzitsuak izango dituzte. Alde batetik, hain beharrezkoa den kontzeju-administrazioa sortzea proposatu eta onartu da, ezinbestekoa baita lehendakariaren eta bokalen administrazio-zereginak arintzeko. Administrazio horrek aukera emango du, halaber, administrazio elektronikoa aplikatzeko, gardentasuna hobetzeko eta erakunde horiei jarraitutasun administratiboa emateko. Gainera, nahiz eta kontzeju-karguak doakoak izan, gastuak konpentsatzeko sistema bat ezarri beharko da, eta kontzejuetako hautetsiak udaletako karguekin parekatuko dira beren eginkizunak betetzeagatik lan-baimenak hartzeko orduan.
Landa-ingurunean herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izateak leku estrategikoan jartzen ditu
Hirugarrenik, Kontzejuaren beraren funtzionamendu, administrazio eta gobernuarekin zerikusia duen guztiari argitasun handiagoa emateko egin den ahalegina azpimarratu behar da. Ildo horretan, alderdi garrantzitsuenetako bat da Aldundiari egindako mandatua, kontzejuen harreman administratiboak errazteko. Horregatik, "leihatila bakarra" sortu beharko du kontzejuek izapideak egin ditzaten, paper burokratikoak errepikatu beharrik gabe.
Kontzejuei buruzko Foru Arau berriak tresna eraginkorra izan behar du berdintasuna sustatzeko eta emakumeen, gazteen eta auzokide berrien inplikazio soziopolitikoa errazteko, eta, horrela, bizitza komunitarioan parte har dezaten sustatzeko.
EH Bildurentzat garrantzitsua da erronka demografikoari eta lurralde-orekari heltzea, eta uste dugu kontzejuek funtsezko zeregina betetzen dutela erronka horri erantzuteko, lurraldea biziberritzeko eragile aktibo diren aldetik. Landa-ingurunean herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izateak leku estrategikoan jartzen ditu, despopulazioa, zerbitzurik eza eta ingurunearen iraunkortasuna bezalako gaiak jorratzeko. Horretarako, toki-erakunde indartsuak behar dira, autonomoak, baliabide nahikoak dituztenak eta guztion ongizatea eta kudeaketa defendatzeko tresnak dituztenak. Eta Kontzejuen Foru Arau berria aukera bat da horretan aurrera egiteko. Ezin dugu alferrik galdu.
Ruthn Ibisate eta Javier Argote,
EH Bildu Araba batzarkide taldea.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.