Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribek osatu dute aurtengo Araba Euskarazko kanta. Euskararen transmisioa dago mezuaren erdigunean; historian atzera eginda hasi, eta gaur eguneraino. Euskararen sua bizirik mantendu duten ahots anonimoei aitortza egin nahi izan diete. "Eskutik eskura doan su txikia", halaxe definitu dute hizkuntza.
Kirmen Uribek azaldu du kezka batetik abiatuta idatzi duela letra. Euskaldunon artean, euskara jakin bai, ikasi bai, baina ez dela erabiltzen. Erabiltzeko beharrean jarri du begirada, garrantzia eman nahian. "Belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan den altxor txikia. Erabili delako dago oraindik bizirik". Halaxe dio kantuan ere: Baina gutariko batek euskaraz egiten jarraitu zuen. Aurrekoen su txikia eskutik eskura igarotzen.
Euskarak bere ibilbidean izandako momentu gazi-gozoak aipatzen ditu abestiak. Erromatarrak eta Irulegiko eskua, Lazarragaren "poema eder desagertuak", Landucci italiarrak duela 500 urte Gasteizen jasotako 6.000 euskal hitzak, Lauaxetaren fusilamendua... Euskara bizirik egotea zer mirari den gogorarazi du Urdangarinek; "mirari horren parte gara". Miraria egonkortu beharra aipatu du, euskaraz bizitzea erraztu beharra, "ez izateko hain mirari".
Arabari lotutako bizkaitarrak
Bizkaitarrak dira Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe, baina Gasteizen ezagutu zuten elkar, ikasle zirela. Bastida ikastolako irakasle batzuk ere ezagutu zituzten biek garai hartan. Uribek dio Gasteizen egin zela pertsona, eta baita idazle ere. Gasteiz eta Arabako euskararen bilakaera ikustea pozgarria izan dela aipatu dute biek, zenbat hitz egiten den euskaraz orain, haiek lehenengoz heldu zireneko garaiarekin alderatuta.
Arabako artista ugari izan dituzte bidaide Araba Euskarazeko kanta egiteko. Iñigo Etxezarreta (ETS), Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Jon Basaguren (Izaki Gardenak), Libe Garcia de Kortazar (Izaki Gardenak), Iratxe Aguilera (Kai Nakai) eta Adriana Fernandezen ahotsak jasota daude grabaketan, eta Koldo Uriartek egin ditu produkzio lanak. "Traineru lana dago abestiaren atzean", dio Urdangarinek.
Uribe eta Urdangarin, biak egon dira maiz Araba Euskaraz jaialdian. Urdangarinek kontzertuak ere eman izan ditu behin baino gehiagotan, Lapuebla de Labarcan adibidez. Kirmen Uribek Ondarroako ikastolan ikasi zuen, "maitasun askorekin" emandako hezkuntza, bere hitzetan, eta han hartu zuen euskararenganako maitasuna ere. Txikitatik izan du lotura Araba Euskarazekin, "ia urtero" joaten baitziren familia eta guzti. Bastidako ikastolako ikasleei hitzeman diete herrira bisita egin eta haiekin batera abestuko dutela Arbasoen su txikia (Etenik gabe).