Araba Euskaraz

Arrastoa, ikastolatik kanpora

Anakoz Amenabar 2025eko ekainaren 14a

Zazpi umerekin hasi zen Bastida ikastola, eta ehun ikasle baino gehiago ditu gaur egun. Argazkia: BASTIDA IKASTOLA

Duela 45 urte eman zituen lehendabiziko pausoak Bastida ikastolak; Maria Pesos eta Aintzane Prieto ikasle ohiek gogoratu dituzte "familia giroan" egin zituzten urteak, eta ikastolak herrian egin duen lan eskerga.

"Bungalow bakar batean gelakide guztiak". Irudi horrekin gogoratu du Aintzane Prieto bastidarrak gelakideekin batera Iratiko basora egin zuten irteeretako bat. Amaia Ibaibarriaga andereñoarekin, zortzi ikasle ziren hirugarren promozio hartan, eta familia giroa nagusi. Ikastolaren 45 urteko ibilbidean oroitzapen polit asko dituzte ikasle izandakoek, baina, horren gainetik, herrian eta Arabako Errioxan utzitako arrastoa nabarmendu dute. Eta, hain zuzen, Araba Euskaraz Bastidara begira jarri da aurten, ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematen jarraitzeko asmoz, eta zonaldean euskararen erabilera aldarrikatu eta bultzatzeko. "Egindako lana izugarria izan da orain arte, baina erronka handiak ditugu oraindik", gogoratu du ikasle ohia eta egun irakaslea den Maria Pesosek. 

Gela berekoak ziren Aintzane Prieto eta Maria Pesos, eta kuadrilla bereko lagunak dira gaur egun. Ikastolak egindako ibilbidean arakatuta, oroitzapen ederrak dituzte biek, talde txikian pozik, baina baita giro gatazkatsu baten erdian zeudenaren akordua. "Gogorrak izan ziren urte haiek. Ikastola zen herrian euskara bultzatzen zuen bakarra, agintean zeuden politikariek A eredua nahi zutelako bakarrik, eta giroa ere horrelakoa zelako herrian", gogoratu du Pesosek. Kontrako iritziak nagusi, eta oztopoak oztopo, ikastola abian jartzea lortu zuten hainbat gurasok 1979an. Ikastolen Federazioko Jose Mari Rekarte eta Ramon Basaras eragileek sustatuta, hainbat bilera izan zituzten. "Nire aitonaren bila etorri ziren etxera –Jon Uriarte-, politikari moduan haren erreferentziaren bat zutelako, eta hark ezin izan zuenez, ama –Miren Uriarte–hasi zen bileretan herriko familiak elkartzen", gogoratu du Prietok. Besteak beste, Jose Luis Petralanda, Agustin Egiluz, Luis Saez de Bikuña eta Mari Carmen Lacuesta izan ziren hasiera hartan lanera batu ziren gurasoak. Rekartek berak gogoratu zuen, Argian egindako elkarrizketa batean, Bastida ikastolaren hastapena, herrian bizi zuten giroaren ondorioz: "Ez zen lantegi erraza izan. Agurainen, Araian eta Dulantzin neke handirik gabe ireki genuen bidea, baina lanak izan genituen Bastidan".

"Izugarria izan da egindakoa, baina erronka handiak ditugu oraindik"

Maria Pesos, Bastida ikastola

Zailtasunak zailtasun, baita estuasun ekonomikoekin ere, 1979ko irailean eman zioten hasiera ikastolari. Eskola publikoaren eraikinean utzitako gela batean izan zen, hasiera batean B ereduarekin. "B eredua ezartzen lehendabizikoak izan ginen, eta ostean D eredua...", azaldu du Pesosek. 1996-97 ikasturtean izan zen hori; ikasleak euskaraz bizi zitezen lortu nahi bazen, beharrezkoa zen ikastolako jarduera aldatzea, eta euskara hutsean aritzea erabaki zuten. Aho batez erabaki zuten aproposagoa zela D eredua abiatzea. Aldiz, herriko eskolan, B ereduarekin ari dira gaur egun. "Gogoan dut nire aitak eta garaiko hainbat gurasok publifikatzearen kontrako protesta egin zutela, eta boto bakar batengatik ez zela aurrera atera. Hala izan ez balitz, gaur egun ez genuke ikastolarik herrian, ezta D eredurik ere". Euskara lau haizetara zabaltzen egindako lana sekulakoa izan dela gogoratu dute ikasle ohiek, eta herrian utzitako arrastoa sakona. Olentzero, Santa Ageda eta azken urteetan Gau Beltza moduko ekitaldiekin ikastolako ateetatik kanpo ere sustatzaile lanak egin dituztela nabarmendu dute, gero eta lagun gehiagorengana heltzen diren jarduerekin. "Garai batean ez ziren onartzen halako ekitaldiak, are gutxiago gatazka pil-pilean zegoenean". Garaiak eta jarrerak aldatu diren arren, halere, euskararen kontrako iritziak oraindik ere zenbait esparrutan barneratuta daudela uste du Pesosek, eta Isabel Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen azkeneko ikuskizunarekin parekatu du: "Duela gutxi emakume bati entzun diot ikastolan sartu orduko bandera jartzen diegula umeei... Tira, zenbaitek ez dute oraindik euskara onartzen, Ayusoren moduan. Errespetu falta ikaragarria da. Orain gutxiago badira ere, halakoak ohikoak izan dira Bastidan".

'Wow! goiburu, 2017an Bastidan ospatu zuten Arabako ikastolen aldeko jaia. Argazkia: ALEA

Euskarak Bastidan leku gero eta handiagoa duela uste du Prietok, oraindik ere plaza zaila dela onartu arren. "Ikastolatik kanpo gaztelera izan da guretzat ohitura, eta saiatzen garen arren, kosta egiten zaigu horri buelta ematea. Aldiz, kanpotik datozenekin errazago egiten da lehenengo harremana euskaraz hastea". Lotsak, beldurrak, oraindik ere traba dira euskaraz egiterako garaian, eta euskara jakin gabe ikasi duten atzerritarrak eredu direla uste du Pesosek: "Kanpotik etorri den jendeak erakutsi digu euskara ikas daitekeela lasai asko. Hemengo jende askok, berriz, ez du ikasi nahi izan, erlaxatu egin da".

Eraikin berria

Ikastolaren ibilbidean jauzi nabarmenena 2006an eman zuten. Erabakia 2003-2004 ikasturtean hartu zuten; ikasturte horretan 141 haurrek eman zuten izena ikastolan, eta eskolarekin partekatzen zuten eraikina oso txikia geratzen ari zela ikusi zuten. Hala, eraikin propio batera igaro ziren, proiektua handitu eta garatzen jarraitzeko helburuarekin. 2004an ospatu zuten Araba Euskaraz jaia, hain justu, eraikin berrira bideratu zuten.

Aintzane Prieto eta Maria Pesosen seme-alabek ere hantxe egin dute ikasketa bidea, Lapuebla de Labarcako Assa ikastolan batxilergoarekin jarraituta. Izan ere, eraikin berriarekin batera, Assarekin elkarlana indartu zuten orduan, DBH 1. eta 2. mailak bertan ikasi ahal izateko. "Bilakaera polita izan du ikastolak urte hauetan. Ederra da ikasleek egin duten bidea; ondo prestatutako ikasleak, egungo langileak eta euskara sustatzaileak direnak", aipatu du irakasleak. Eskaintza zabaldu dute, eta kezka berriak ere agertu dira, noski; tartean, bullying-aren kontrako programa eta hezkidetza saioak lantzen ari dira gaur egun.

"Bungalow batean sartzen ginen, gelakide guztiak; familia giroa zen"

Aintzane Prieto, Bastida ikastola

Norantza doa, ordea, Bastida ikastola? Pesosen arabera, euskara eta euskal kulturan eragiten jarraitu behar du ikastolak, izan daitezkeen trabak eta kontrako jarrerak alde batera utzita. "Jo eta ke, lanean jarraitu behar dugu, gu gurera. Kalitatezko hezkuntza eskaini, ikasle eta pertsona onenak izan daitezen". Horretarako ikastolari sendo eustea garrantzitsua dela uste du, erronka berriei aurre egin beharko dietelako, besteak beste, jaiotze tasaren beherakadak dakartzan ondorioei erantzuteko: "Hurrengo urterako matrikulazio kopuru onak ditugu, baina hiru urteko gelan nabarmen egin du behera, eta bada kezkatzeko modukoa".

Igandean, hilaren 15ean ospatuko den Araba Euskaraz bide horretan sendotzeko "beharrezko bultzada" izango dela uste dute ikasle ohiek. Ez da egun bakarreko jaia, urte osoan zehar izan baitira jarduerak Bastidan, eta ikastolako komunitatea buru-belarri aritu da ekitaldiak antolatu edota materiala saltzen, baina Gasteizko jaialdiarekin emango diote amaiera. "Bateko eta besteko, ikusten ez den lan handia egin dugu urte guztian zehar, eta igandekoarekin amaiera polita eman nahi diogu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago