Ertzaintza barruko hautaketa prozesu bat eten du epaile batek, euskara dela eta

Erredakzioa 2025eko ekainaren 13a

Ertzain ofizialorde hautatzeko proban 1.000 agentek baino gehiagok parte hartu behar zuten. Irudian, ikastaro bat, Arkautin. Argazkia: IREKIA

Euskararen ezagutza mailaren gaineko errekurtso bat jarri dutela argudiatu du epaileak bost egun barru egin behar zen proba bertan behera uzteko.

Epaile batek kautelaz eten du Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizialorde kategoriara igotzeko hautaketa prozedurarako deialdia, euskararen ezagutzaren balorazioari buruzko oinarrien inguruan errekurtso bat jarrira dagoela ebatzita.

Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiko lehen auzialdiko epaileak agindu du prozesua etetea. Zehazki, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren 2025eko otsailaren 10eko ebazpena da bertan behera utzi duena. Jaurlaritzak ezagutzera eman duenez, epaiak dio euskararen ezagutza betebeharren inguruan errekurtsoari buruzko epai irmoa ez dagoen bitartean ezin dela aurrera egin prozesuarekin. 

Jaurlaritzak dio eten egindako prozesuak "Ertzaintzaren errealitatearekin bat datozen" oinarriak dituela, eta indarrean dagoen legeriak derrigortasunei dagokienez ezartzen duen indizea gainditzen ez dutela horiek.

Hilaren 18an egitekoa zen probara 1.000 agentetik gora daudela dio Jaurlaritzak, eta "kautelazko neurri horiekin azken hilabeteetako ahalegina geldiarazita ikusten" dutela argudiatu du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago