BEGO OLEAGA

"Guri gertatutakoan ez, Gazan jarri behar da begirada"

Erredakzioa 2025eko ekainaren 13a

Bego Oleaga eta Melisa Perez atxilotu dituzte Egipton, beste askorekin batera. Argazkia: ALEA

Milaka pertsona Kairotik irtetekoak dira gaur goizean, Gazara bidean. Atzo ehunka lagun atxilotu eta asko deportatu zituen Egiptoko Gobernuak, baina martxarekin aurrera jarraitzea erabaki dute antolatzaileek, Israelen genozidioa salatu eta Gazako blokeoarekin amaitzeko.

Bego Oleaga da Egipton atxilotu dituztenetako bat, eta hainbat orduz Kairoko aireportuan giltzapean izan ostean, aske utzi dituzte azkenean bera eta beste pertsona batzuk. Agus Gorbea kidea, berriz, deportatu egin du Egiptoko Gobernuak. Oleagarekin hitz egin dugu atxiloketaren kontakizuna jaso eta martxaren nondik norakoak ezagutzeko, poliziak askatu eta ordu gutxira.

Nolakoa izan da Egiptoko Gobernuaren jokabidea Gazarako martxako kideekin?

Azken orduetan jende asko atxilotu dute, eta asko deportatu egin dituzte. Gure kasuan, goizeko ordubiak laurden gutxiagotan hoteleko gelan geunden lo, eta kolpeak entzun ditugu atean. Nik zabaldu dut, eta topatu ditut bost pertsona, bost armairu, pasaporteak kendu dizkigute eta esan digute legez kanpo geundela herrialdean. Bisa erakutsi diegu, baina ez du ezertarako balio izan. Kotxe batzuetan igo gaituzte, hiritik buelta batzuk eman eta aireportura eraman gaituzte. Guk azalpenak eskatzen genituen une oro, ea zergatik geunden hor, enbaxadako norbaitekin hitz egin nahi genuela, abokaturen baitekin, itzultzaileren batekin, baina ez digute kasurik egin. Denbora pila bat izan gaituzte han, ia mugitu ere ezin genuen espazio batean, ia komunera joaten utzi gabe. 55 militar inguru zenbatu ditut, eta gerokoa izugarria izan da. Oso gogorra izan da nola jokatu duten, batez ere Argeliakoekin eta Italiako emakumeekin, indarkeriazko tratu oso bortitza eman diete. Alternatiba gisa esaten ziguten bidaia txartel bat erosteko, baina ezetz esan diegu, bertan geldituko ginela. Mutiko bati antsietate atake batek eman dio, eta medikuek artatu behar izan dute.

"Halako estrategiak erabiltzen dituzte pasibotasuna sortzeko, beldurra eta kontrola"

Hamalau orduz izan zaituztete aireportuan.

Bai. Niri pertsonalki izugarri bortitza egin zait, ezintasun eta amorru pila bat sentitu dugu ikusita nola indarkeriaz hartzen zituzten gure kideak. Ondoren, urdaila eta bihotza korapilatuta, kalean utzi gaituzte, pasaportea eman digute eta inolako azalpenik eman gabe kanporatu gaituzte. Anekdota bat izan daiteke, baina halako estrategiak erabiltzen dituzte pasibotasuna sortzeko, beldurra eta kontrola, gure giza eskubideak urratuz. Hala ere, hau ez da garrantzitsuena, begirada Gazan jarri beharra dago, han bizitzen ari diren izugarrikerian. 

Aterako da martxa bihar?

Guk gure asmoekin segiko dugu, nazioarteko martxa honen helburuekin. Blokeoa apurtzea, genozidioa gelditu dadila behingoz, Israelekin harremanak apurtu ditzatela. Gizarte zibil antolatuak gai izan behar dugu erakusteko gizakiak garela, eta gizadia inporta zaigula. Bihar aterako gara Gazara bidean, eta jada ez dakigu zer gertatu daitekeen, baina abiatuko gara. Erresistentzia baketsuko ekintza bat da, eta arrazoi asko ditugu egiten ari garena egiteko. Hau da kapitalismo kriminala, argi eta garbi, hala funtzionatzen du sistemak. Eta Palestinan ikusten ari gara hori, degradatzen ari gara gizateria gisa. Deshumanizazio hau saihestu behar dugu. Azken finean hori da nahi dutena, ohitu gaitezela izugarrikeria hauetara.

Zuen kide bat deportatu egin dute.

Bai, Agus Gorbea. Badirudi heldu dela jada Madrila, oso haserre, baina egoera onean. Jende asko deportatu dute, eta susmoa dago Afrikatik datorren martxari, Tunezetik datozen milaka pertsonari ez dietela Egipton sartzen utziko. Mobilizazio zibil oso garrantzitsua dago martxan, leku askotatik, palestinarrei erakusteko ez daudela bakarrik. Elkartasuna ez da delitua.

Jende asko atxilotu eta deportatu dute, baina ez dira asko martxan parte hartzekoak diren milaka pertsonen aldean.

Proportzioan ez, egia da, ezin izan dute mundu guztia kanporatu. Ikusi beharko dugu, amorru asko dago, baina beldurra ere sortzen dutelako gauza hauek. Oso zaurgarri sentiarazten zaituzte, oso txiki. Baina espero dugu honek balio dezala sugarra ez itzaltzeko. Palestinan jarri behar dugu fokoa, salatu egin behar da azken 70-80 urteetan gertatutakoa. Sarraski baten ibilbide historikoa da, Israelen boterepean eta Ameriketako Estatu Batuen pasibotasunarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago