Gazara martxa egitekoak ziren euskaldunetako batzuk atxilotu dituzte

Erredakzioa 2025eko ekainaren 12a

3.000 pertsona inguru bildu dira Gazara martxa egiteko. Argazkia: ALEA

Rafah eta Egiptoren arteko mugara heltzeko asmoa du martxak, Israeli presioa egin eta laguntza humanitarioa sartzen utzi dezan, besteak beste. Euskal ordezkaritzako zortzi lagun atxilotu ditu gutxienez Egiptoko poliziak, tartean hiru arabar behintzat, baina bi askatu dituzte jadanik.

March to Gaza nazioarteko ekimenak 3.000 pertsona inguru bildu ditu Kairon, 50 herrialde baino gehiagotik etorriak, eta bihar da abiatzekoa oinezko ibilbidea, Rafahko mugaraino, Egipto eta Palestinaren artean. Egiptoko poliziak, baina, 200 pertsona inguru atxilotu ditu bart gauean, Kairoko hoteletan zein aireportuan, eta atxilotuetako batzuk deportatzeari ekin dio.

30 pertsona inguru batu dira Euskal Herritik Gazako martxara, eta horietako zortzi gutxienez atxilo hartu dituzte azken orduetan. Tartean Bego Oleaga, Agus Gorbea eta Gurutze Morado arabarrak. Oleaga eta berarekin hoteleko gelan zegoen beste emakume euskaldun bat askatu egin dituzte jada, eta Kairora itzultzeko baimena eman diete.

Gainerakoak Egiptoko poliziaren eskuetan daude orain, Kairon dauden beste euskaldunek Argiari jakinarazi diotenez. Berez, "beharrezko paper eta baimen guztiak" dituztela argitu dute, baina hala ere atxilotu egin dituztela, eta oraingoz libre daudenak "edozein momentutan" atxilotuak izateko arriskuan daudela jakinarazi du Pili Revilla ordezkaritzako kideak.

Gazarako martxa eragozteko neurria izan da Egiptoko Gobernuaren partetik, eta ibilaldia egitekoak ziren pertsonak deportatu egingo dituztela jakinarazi dute hainbat hedabidek. Oraingoz, atxilotutako euskaldunak aireportuko kalabozoetan dituzte atxikita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago