Rafahko martxarekin bat egingo dute Gasteizen

Erredakzioa 2025eko ekainaren 11

Porrotxek parte hartuko du elkartasun ekitaldian. Argazkia: 'Gure haurrak ere badira'

'Gure haurrak ere badira' ekinaldiak sustatuta, hiru zutabek zeharkatuko dute Gasteiz.

Igandean, ekainaren 15ean, Rafahra martxa internazionala egingo dute, Gaza eta Egipto arteko pasabidera, blokeoa apurtzeko asmoarekin, eta data hori baliatu dute Gasteizen mobilizaziora batzeko. Ekainaren 12an, 17:00etan, Gure haurrak ere badira ekinaldiak sustatuta, hiru zutabe aterako dira hiru gunetik: Bastida plaza, Ekialdeko parkea eta Gasteizko autobus geltokia.  

Hiru zutabeak Plaza Berrian elkartuko dira, 18:30ean, elkartasun ekitaldi koloretsuari hasiera emanez. Porrotx, ipuin kontaketa, zozketa solidarioa, elkartasun askaria eta tailerrak ez dira faltako, eta Palestinako koloreez osatutako mosaiko bat osatuko dute.

Biltzen duten guztia UNRWAra bideratuko dute, Palestinako errefuxiatu kanpalekuetarako. "Ezin dugu isilik egon egoera honen aurrean, hiltzen ari direnak gure anai-arrebatzat eta haurtzat hartzen ditugu eta", salatu dute mobilizazioaren sustatzaileek.

Sindikatuen babesarekin batera, Gasteizko 21 guraso elkarte eta eskolak eman diote atxikimendua mobilizazioari.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago