Erreskate batean parte hartu dute Pou anaiek

Erredakzioa 2025ko eka. 10a, 13:54

Erreskatearen lehen txandan parte hartu dute. Argazkia: POU ANAIAK

Hiru mendizale desagertu dira Artesonraju mendian.

Cordillera Blanca mendikatean erronka berri bati heltzeko asmoarekin heldu ziren ekaina hasieran Perura Iker eta Eneko Pou anaiak. Baina mendizale batzuk desagertu zirela jakin zuten orduan, eta erreskate taldean parte hartzea erabaki zuten. Hiru eguneko bilaketa lanen ostean, erreskatearen lehen txanpa berririk gabe amaitutzat eman dute. 

Hiru mendizale desagertu ziren Artesonrajun (6.025 m), eta laster antolatu zuten erreskate taldea. "Hiru egunez bila ibili ondoren, ia jatekorik gabe eta lorik egin gabe, Artesonrajun desagertutako hiru lagunen berririk gabe jarraitzen dugu. Ea datozen egunetan, aireko laguntzarekin, erantzunen bat iristen den. Orain, familiari lagundu behar zaio", idatzi dute anaiek sare sozialetan. 

Bertan behera utzitako erronkari helduko diote orain. Perun 19 bide ireki dituzte Pou anaiek orain arte, eta bide berriak irekitzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago