ELAk salatu du "2024koa baino okerragoa" den hitzarmena proposatu duela erresidentzietako patronalak

Erredakzioa 2025ko eka. 10a, 11:25

Erresidentzietako langileen kontzentrazioa, Gasteizen. Argazkia: ELA

Enpresek laguntza ekonomiko gehiago jasotzearekin lotzen dute hitzarmena, ELAren aburuz, eta hori "xantaia" dela dio.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektoreko patronalek "2024koa baino okerragoa" den hitzarmen kolektiborako proposamena aurkeztu dutela salatu du ELA sindikatuak, eta berretsi du langile guztien lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak benetan hobetuko dituen hitzarmen bat egon arte, grebak egiten jarraituko duela.

Astelehen honetan berriro elkartu da Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia. Bertan, patronalek kontraproposamena ekarri diote ELAk eta LABek duela hilabete batzuk bidalitako testuari. Bada, proposamen hori onartezina deritzo ELAk. "Gaur ikusitakoaren arabera, ELAk argi du patronalek ez dutela akordiorik nahi. Ulertezina da gaur mahaian gertatu dena", esan dute.

Are gehiago sindikatuak esan duenez, patronalek egindako zenbait planteamenduekin Langileen Estatutua okertzea eta legeriatik kanpo kokatzea bilatzen da. Halaber, hitzarmenaren etorkizuna laguntza ekonomiko gehiago jasotzearekin lotu ei dute patronalek eta hori, ELAren ustetan, "xantaia" egitea da. "Patronalek ez dute egoera ulertu, eta lan  baldintzen prekarizazioa erabiltzen dute negozioa egiteko", ondorioztatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago