Mendizorrotza, Prado eta Armentia ikastolan izango da Araba Euskaraz

Erredakzioa 2025ko eka. 9a, 11:15

Agerraldia egin dute gaur Araba Euskaraz aurkezteko. Argazkia. J. FLORES

Lorezainen grebaren ondorioz, Olarizuk jaia ospatzeko "bermeak" betetzen ez dituela esan dute, eta eszenatokia mugitu dute.

Dena prest da ekainaren 15ean Araba Euskaraz ospatzeko. Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatu nahi zuten aurten ere, baina ezin izan dute, lorezainen grebaren ondorioz. Halere ez dute Arabako hiriburua utziko, Gasteizen ospatuko baitute igande honetan, Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado parkearen inguruan.

Azken egunetan Olarizuko parkean ospatu ahal izateko ahaleginak egin dituztela azaldu dute antolatzaileek. Aldeekin hitz egin dute, baina ezin izan dute bermerik lortu igande honetarako Olarizuko parkean halako jai bat ospatu ahal izateko. Hori dela-eta eszenatokia mugitu egin dute, baina aurreikusita zituzten ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako dituzte.

Bastida Ikastolari laguntzeko antolatu dute Arabako Ikastolen aurtengo jaia, eta urte osora eraman dute Araba Euskaraz, hamaika herritara.

Herri kirolak eta musika

Igandera begira, askotariko ikuskizun, tailer eta jolasak prestatu dituzte, batez ere haur, nerabe eta gaztetxoentzat.  "Dena den, familia giroa da azpimarratu nahi duguna, familian osptzeko egitaraua baita gurea. Baina lagunartean gozatzeko moduko menua prestatu dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Goizeko hamarretan abiatuko dute jaia, Armentia ikastolan. Ordutik aurrera, gune desberdinetan, egitarau betea prestatu dute; dantza plaza saioa, herri kirolak, Izaki Gardenak, Modus Operandi eta Akerbeltzen kontzertuak, eta haurrentzako jolasak izango dira, besteak beste. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago