Susana Aretxaga arte historialari gasteiztarra igande goizean zendu da, gaixotasun baten ondoren, 62 urte zituela.
Bestak beste, Elizbarrutiko ondare historiko-artistiko eta dokumentalaren arduraduna zen arte historialaria, bai eta Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoaren arduraduna ere. Micaela Portillaren dizipulutzat zuen bere burua.
"Arabako kulturaren mundua doluan" dagoela adierazi du Gasteizko Gotzaindegiak ohar batean. Gotzaindegiak nabarmendu du Aretxagak Arabako elizak "kultur eta turismo erakargarri" gisa ireki zituela "orain arte ikusi ez zen modu batean".
Azken agurra emateko bere oharrean, erlijio erakundeak nabarmendu nahi izan du 2022tik Maite Sebal eta Begoña Zarcorekin batera Elizbarrutiaren Gobernu Kontseiluan parte hartu duen lehen emakumetako bat izan zela Aretxaga.
"Dibulgatzaile nekaezina, erlijio ondarea zaintzeko eta sustatzeko ardura irakaskuntzarekin uztartu zuen; bere arte eskolek eskari handia izan zuten, azalpenen argitasunagatik eta argudioen aberastasunagatik", goraipatu du Gotzaindegiak.