Goizean goiz lainoa agertu daiteke, baina, ondoren, beste behin giro eguzkitsua gailenduko da lurralde osoan. Momentuz ekaitza izateko arriskuaz ohartarazi ez badute ere, arratsaldeak aurrera egin ahala bero hodeiak pilatu daitezkeela diote meteorologoek. Tenperatura maximoek gorakada nabarmena izango dute, eguneko alde termikoa hiriburuan 11 eta 28 gradu artean kokatuz.
Antzeko agertokia errepikatuko da bihar, giro eguzkitsua nagusi izango baita egun osoan. Tenperaturak aintzat hartuta, asteartean ere bero hodeiak garatzeko baldintzak emango dira. Oraingoan, gainera, eguraldiaren galdarak bere lana egiteko osagai gehiago izango du, tenperaturak are gehiago igoko direlako: Gasteizen 16 eta 33 gradu arteko aldea izango dute, eta, ohi bezala, bero gehiago izango dute hegoaldean: Oionen 36 gradura iritsi daiteke.