Indarkeria matxistaren biktimen babeserako langileak murriztuko dituztela salatu dute

Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 20:06

"Tratu txar instituzionalarekin behingoz bukatzeko" eskatu diote aldundiari. Argazkia: AFA

Arabako Foru Aldundiak dituen indarkeria matxistaren biktimentzako egonaldi ertaineko bi zentroak bateratzearekin zazpi lanpostu galduko direla ohartarazi dute. Emakumeek behar duten arreta ematea "bideraezina" izango dela diote langileek.

Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak egonaldi ertaineko bi harrera zentro ditu egun, eta bertan artatzen dituzte indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak eta haien kargura dauden pertsonak. Orain, Foru Erakundeak harrera zentro bakarra kontratatzeko baldintzak argitaratu ditu, eta hainbat murrizketa ekarriko ditu proposamen berriak, langileek salatu dutenez.

Mobilizazio prozesua abiatuko dute zentroko langileek, lan baldintzen eta zerbitzua erabiltzen duten emakumeen eskubideen defentsan. Izan ere, 2025eko Batzar Nagusietan onartutako aurrekontuan %30eko murrizketa jasoko du zerbitzuak, eta dauden hemezortzi lanpostuetatik zazpi kentzea ekarriko du, sindikatuen arabera.

Murrizketa hauek, langileen esanetan, ez dute inola ere aukerarik ematen "emakumeen eta adingabeen premiei heltzeko". Kalteberatasun eta arrisku egoera berezia dute zentro hauetan artatutako emakumeek, eta "arreta integrala eta intentsitate handikoa" behar izaten dutela adierazi dute salaketarekin batera.

Aurrekariak

2020an zabaldu zuen Arabako Aldundiak Egonaldi Ertainerako Harrera Zentroa (CARME bezala ezagutzen dena, gaztelerazko siglengatik). Hemezortzi pertsonak osatzen dute lantaldea. Batetik, zuzeneko arretarako trebatutako hamasei profesional, prestakuntza berezia dutenak indarkeria, berdintasuna, trauma eta haurtzaroko kaltearen konponketan. Sukaldari batek eta zerbitzuko koordinatzaileak osatzen dute taldea, kontuan hartu gabe oporrak eta bestelako baimenak osatzen dituzten langile gehigarriak.

CARMEren ahalmena zabaldu egin behar izan du aldundiak, eskaera handia izan delako. Lau familia unitaterentzako tokia zuen zentro bat zegoen hasieran, baina bigarren bat ireki zen 2023an, beste hiru familiari harrera egiteko. Orduko hartan langileek salatu zuten kokaleku berriak ez zituela oinarrizko azpiegitura baldintzak betetzen, eta aldundiaren erabakia izan zen, leku egokiago bat bilatu beharrean, 2024an hiru familiatik bira murriztea etxebizitza berriaren gaitasuna.

Joan den larunbatean Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak aurkeztutako baldintza orri berrian kokapen bakarra aurreikusten da, bi zentroak batuko dituena, eta sei familia unitaterentzako izango du lekua (hamazazpi pertsona, hiru urtetik beherako haurrak kontuan izan gabe). Langileek salatu dute 2024an ezabatutako plaza ez dela berreskuratu, eta langileak ia erdira murriztu nahi dituela aldundiak, zazpi langile kenduta.

"Horrek esan nahi du hamazazpi emakume eta adingabe baino gehiago artatzeko profesional bakar bat duten txandak egingo direla, eta sukalde ordutegia ez dela nahikoa janari zerbitzua bermatzeko". Tratu txar instituzionalarekin "behingoz" bukatzeko dei egin diote aldundiari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago