Alfredo Donnayk burua altxatuko balu, ez luke Zadorra ibai maiteko Loinen Kanta berriro abestuko. Uraren Euskal Agentziak (URA) jakinarazi duenez, 212 espediente zigortzaile ireki ditu isurketengatik eta baimenik gabeko obrak eta instalazioak egiteagatik, Arabako ibaien arroetan 2019tik gaur arte. Horietatik 193k ( %91) isun ekonomikoak jaso dituzte, eta guztira 579.037 euro berreskuratu ditu URAk arauak hautsi dituztenen partetik.
Isunak 400 eurotik 45.000 eurora bitartekoak dira, eta azken kopuru hori, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan jarri duten bigarren handiena da. Gainerakoan, 18 espediente daude oraindik irekita, kasu berriak direlako edo bide judizialean blokeatuta daudelako; 11 espediente ebatzi dira ingurune naturala aurreko egoerara itzultzeko betebeharrarekin; kasu bat preskribatuta dago, eta beste bat bide judizialean dago.
PPk Eusko Legebiltzarrean egindako informazio eskaera bati erantzunez publiko egin da URAren espediente zigortzaileen inguruko txostena. Horren arabera, guztira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 775 zigor espediente ireki ditu ur agentziak 2019tik gaur arte. Horietatik 660 kasutan zigor ekonomikoak ezarri dituzte. EAEn 1.672.366 euro bildu dira guztira.
Zadorran isurketak
Datuak aztertuta, azpimarratu behar da isurketek eta legez kanpoko obrek gehien zigortu duten Arabako ibaia Zadorra dela (110 espediente ireki ditu URAk), eta haren atzetik Ebro ibaia dago (38 espediente ditu); 24 espediente ditu Arakil ibaiak (Donemiliaga, Zalduondo eta Asparrena udalerriak zeharkatzen ditu); 18 Omecillo ibaiak (Gaubea); eta sei Egak eta Jugalezek, hurrenez hurren. Bi espediente ireki dira halaber Puron ibaian, Valderejoko parke naturalean, eta bat Baia ibaian.
Nolanahi ere, kasurik larriena 2024ko azaroan gertatutako baimendu gabeko isurketa bat da, 2025eko otsailean 45.000 euroko zigor ekonomikoarekin itxi zena. Ez da gertatutakoaren xehetasun gehiagorik ematen, baina eremu berean, Arabako Zadorran, beste isurketa bat gertatu zen 2020ko otsailean, eta urtebete geroago 42.000 euroko isunarekin amaitu zen, EAEko zigorrik hirugarren handiena. Era berean, epaitegietara bidalitako espediente bat dago. Zehazki, Zadorraren 2024koa, isunen izapidetze administratiboa geldirik dago "bide judiziala irekita" dagoelako, URAk jakinarazi duenez.
URAk zabaldutako zigor espedienteen kopuruaren bilakaerari dagokionez, 2019an ireki zituen espediente gehien Araban: 50 guztira; 23 ireki ziren, 2020an; 28, 2021ean; 16, 2022an; 21, 2023an; 34, 2024an; eta 16, 2025ean.