Jaurlaritza ere 'Kantabria' toponimoaren alde lerrokatu da

Erredakzioa 2025eko ekainaren 6a

Izendapena ofizialki aldatzeko aukera ireki du Jaurlaritzak. Argazkia: KANTABRIA MENDILERROAREN ALDEKO PLATAFORMA

Azken urteotan izandako jarreran atzera eginez, Lakuak bere gain hartu du Kantabria Mendilerroa berreskuratzeko eskaria, aldaketa ofizialari atea irekiz.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak bere gain hartu du Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformak Biasteriren Adiskide Elkartearen bidez IGN Institutu Geografiko Nazionalari egindako eskaria. Bertan, orain ofizialki Toloño izendatzen den mendilerroaren zati nagusia Kantabria izendatzeko eskatu dute. Zehazki, Rivas de Tereso herritik (Errioxa) Lapoblación (Nafarroa) herrira doan tarteari Kantabria Mendilerroa' deitzeko eskaria bere gain hartu du Jaurlaritzak.  

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak sinatutako erantzun parlamentario batean azaltzen denez, "ikerketa historiko eta dokumentalak" aintzat hartzeaz gain, Jaurlaritzak "ezinbestekotzat" jo du "faktore soziolinguistikoa" errespetatu eta aintzat hartzea. Orain arte Jaurlaritzak Euskaltzaindiaren irizpidea izan du oinarri toponimia zehazteko, baina sailburu sozialistaren ardurapean dagoen departamenduak Euskaltzaindiaren irizpide hori zalantzan jartzen duten argudioak aintzat hartu ditu, orain toponimiaren ardura sail horren barruan dagoelako.    

Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformak "poza" agertu du Jaurlaritzak agertutako jarrera aldaketagatik, eta aurreratu du "aurrerapauso berri honek halabeharrez toponimoaren aitortza ofiziala" ekarriko duela. 

Plataformak berak gogora ekarri du azken hilabeteotan hainbat elkartek eta instituziok izendapena berreskuratzearen alde agertutako adierazpenei batzen zaiela Jaurlaritzaren azken onarpen hau. Besteak beste, Espainiako Kongresua, Arabako Batzar Nagusiak, Errioxako Parlamentua, eta mendilerrotik gertu dauden hainbat udal ere eskariaren alde lerrokatu dira. Euskal Herrian, Bastida, Guardia, Leza, Zanbrana, Aguilar Kodes, Cabredo, Genevilla eta Marañón. Errioxan, Abalos, Briñas, Briones, Cenicero, Nafarruri, Fuenmayor eta San Vicente de la Sonsierra. Besteak beste, IGNri eskari formala egin dion Biasteriren Adiskide Elkarteaz gain, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ere plataformari babesa agertu berri dio.

 

Erlazionatuak

Auziari berrekin nahi diote

Juanma Gallego 2024 mar 24 Arabako Errioxa

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago