2026ko aurrekontu parte hartzaileen edizioak "prozesua bidezkoagoa, eskuragarriagoa eta adierazgarriagoa" ekarriko duela iragarri du aldundiak. Iñaki Gurtubai Gobernantza foru diputatuak gaur azaldu duenez, "demokrazia zuzeneko tresna" dira horiek, herritarrek aurrekontuaren zati baten norakoari buruz erabakitzeko aukera izango dutelako. Zati hori %0,45 da.
Uztailaren 6ra arte parte hartu ahalko dute Arabako Lurralde Historikoko edozein udalerritan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek, Gasteizkoek izan ezik, eurek bere prozesu propioa baitute. Proposamenak presentzialki edo elektronikoki erregistratu ahal izango dira, eta aldundiak dio inprimakiak sinplifikatu dituela, pertsona guztien parte hartzea "errazteko", haien gaitasun digitalak "edozein direla ere".
Edizio honek hainbat berritasun dakartza. Batetik, 2.000 biztanletik gorako udalerrietan botoa haztatu egingo da, proiektuak hautatzeko aukerak berdintzeko. 2.000 biztanletik beherakoetan, berriz, gutxieneko quorum bat ezarriko da "gizartearen babes adierazgarria bermatzeko". Bestetik, aurrekontuetan soberakinak geratzen badira, funtsak kategorien artean berresleitzeko aukera egongo da, ahalik eta proposamen bideragarri gehien gauzatu ahal izateko. Azkenik, aldundiak dio kanal digitalak zein presentzialak hobetu dituela.
Behin proposamenak jasota, uztailean eta irailean aurkeztutako ideien ebaluazio teknikoa egingo dute. Ondoren, herri bozketa egingo dute irailaren 23tik urriaren 24ra. Azkenik, azaroan, hautatutako proiektuak argitaratuko dira eta foru aurrekontuan sartuko dira.