Muina deialdiaren bigarren edizioa zabaldu du Izaskun Arrue Kulturguneak. Euskarazko jardueren proposamen poltsa bat sortzeko asmoa duen deialdi ireki honen bidez, Araban prestaturiko kultura egitasmoak jaso, hautatu eta hurrengo urtean zehar eskainiko dira, kulturguneko programazioaren bizkar hezurra osatuz. Izena emateko epea uztailaren 31ra arte izango da.
Deialdi hau adin nagusiko arabar guztiei zuzenduta dago. Parte hartzaileek banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete beren ideiak eta proposamenak. Muina, euskaraz, zerbaiten zatirik barnekoena da, eta horixe izan nahi du deialdi honek: IAKren muina bera osatuko duten kultur egitasmoak hautatu eta programatzeko tresna.
Zazpi proposamen bilatzen dira oraingoan: hiru ikuskizun (kontzertu, antzezlan eta gainontzeko arte bizietako bana), ikus-entzunezko proiekzio bat, hitzaldi bat, ikastaro bat eta lantegi bat. Aukeratutako proposamen bakoitzak, formatuaren arabera, ordainsari ekonomikoa jasoko du eta 2026an gauzatuko dira IAKn, euskaraz eta bertako baliabideak erabiliz.
Parte hartzaileek egitasmoaren deskribapen laburra, formatua eta bestelako eranskin lagungarriak (irudiak, bideoak, gidoiak…) aurkeztu behar dituzte. "Muina deialdia Izaskun Arrue Kulturgunearen lan-ildo estrategikoen barruan kokatzen da: sorkuntza bultzatzea, euskal kulturaren erakusleiho izatea, prestakuntza eskaintzea, hausnarketa sustatzea eta kultur bizipen gozagarriak eskaintzea", azaldu dute kulturguneko kideek. Helburua, jarduerak programatzetik harago, tokiko sortzaileei beren ibilbidean laguntza ematea, eta euskararen erabilera kulturaren bidez sustatzea da.
Informazio osoa, oinarriak eta izen-ematea esteka honetan aurkitu daitezke.