Arabako Landa Herriguneen Inbentarioa eguneratu eta jendaurrean jarri du aldundiak, ekimena "landa ondarea babesteko" eta lurralde plangintza egiteko "funtsezko tresna" dela iritzita.
Inbentarioa GeoAraba atariaren bidez eskura daiteke, eta horren bitartez paisaiaren eta kultura nortasunaren funtsezko parte diren landa multzo txikien kokapena eta ezaugarriak kontsultatu daitezke.
Eremu publiko partekatu batean antolatuta dauden sei eta 25 baserri arteko multzoei deritze landa herrigune, eta gaur egun legeak dio horiek aintzatetsi eta babestu behar direla. Hori dela eta, aldundiak dio hauek GeoAraba atarian sartuz berretsi duela "lurraldearen garapen orekatuarekin, landa ingurunearen kontserbazioarekin, eta datu eguneratuetan oinarritutako eta herritar guztientzat eskuragarri dauden politika publikoen sustapenarekin duen konpromisoa".