Nekaturreko kide diren landa ostatuek emandako datuen arabera, uztailerako Arabako landa ostatuen %37 erreserbatuta daude honezkero, eta okupazioa %45era iristen da abuzturako. Elkartearen esanetan, zenbaki hauek "aurreko urteetako datuetara" hurbiltzen ari dira.
Kuadrillen arabera, Gasteiz eta Añana dira, alde handiz, erreserba gehien dituztenak. Hiriburuaren kasuan, uztail eta abuzturako, ostatuen %85 eta %75 hartuta daude jada. Añanaren kasuan, portzentajea %56 eta %77 da. Mendialdea —%32 eta %50— eta Arabako Errioxa —%32 eta %31— dira ostatu horietan bisitari gehien izango dituzten hurrengoak. Lautadan, berriz, okupazioa nahiko altua izango da uztailean —%38—, baina erreserba gutxiago daude abuzturako —%22—. Kontrako kasua da Gorbeialdearena, uztailean %26 baino ez daudelako erreserbatuta, eta %35 abuztuan. Aiaraldean, berriz, momentuz laurden bat baino ez dago erreserbatuta: %25 eta %24. Trebiñuren gaineko daturik ez dute eskaini.
EAEko beste bi probintzien aldean, Arabako batez besteko datuak oso antzekoak dira Bizkaikoekiko, bertan uztail eta abuztuan erreserben %36 eta %44 eginda daudelako. Gipuzkoako datuak dezente handiagoak dira, batez besteko erreserben portzentajea %50 eta %60 direlako.
Orotara, Nekatur osatzen duten ostatuek 2.598 turismo plaza dituzte —nekazalturismoak, landa etxeak eta landa eremuko apartamentu turistikoak bere gain hartzen ditu elkarteak—; horietatik 449 Araban eta 654 Bizkaian daude, eta 1.495 Gipuzkoan. Arabaren kasuan, hamasei nekazalturismo, 24 landa etxe eta bi landa apartamentu turistiko daude.