Ruben Sanchez Bakaikoak jaso du Ignacio Aldekoa beka

Erredakzioa 2025eko ekainaren 4a

Idazleak urtebeteko epea izango du ipuin bilduma ontzeko. Argazkia: ALEA

Idazle gasteiztarrak aurkeztutako ipuin proiektuak 8.000 euroko diru laguntza jasoko du.

Ruben Sanchez Bakaikoa idazleak euskarazko literatura sorkuntzako Ignacio Aldekoa beka eskuratu du. Hala, Sanchez Bakaikoaren proiektuak 8.000 euroko diru laguntza jasoko du, eta urtebeteko epea izango du bilduma osatzeko: 2026ko martxoan argitaratu eta aurkeztuko da liburua, Ignacio Aldekoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian.

Epaimahaiak lanaren "bizitasuna" nabarmendu du hautaketaren arrazoitzat. Orain arte, Arabako bertsolaritzaren historia modernoa jasotzen duen liburua idatzi du, eta 2019an 'Hondarrak' eleberria argitaratu du. Besteak beste, ALEAren ohiko kolaboratzailea da.

Bestetik, Ignacio Aldekoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Sariaren 54. edizioari dagokionez, aldundiak iragarri du 376 hautagaitza jaso dituela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago