Gaur hasiko dute milaka ikaslek Hego Euskal Herrian Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USAP) eredu berria. Ekainaren 3an, 4an eta 5ean, 17.000 ikaslek baino gehiagok egin beharko diete aurre lehen aldiz LOMLOEk ezarritako aldaketei. Araban, 1.787 lagunek egingo dute hautaproba.
Eredu berriak ekarriko dituen aldaketa nagusien artean dago galderen %25ek izaera konpetentziala izango dutela; hau da, ikasitakoa egoera errealetan aplikatzeko gaitasuna baloratuko duten galderak izango dira.
Unibertsitatera sartzeko probak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko "heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea" izango du helburu lehenengo faseak. Eta honako bost azterketa hauek egin beharko dituzte: gaztelania eta literatura; euskara eta literatura (hau izango da hautaproba irekiko duen azterketa; Espainiako historia eta filosofiaren historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergo notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren arteko batez besteko notan 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko dute, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez lau puntu lortu baditu. Onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste lau puntu lortu ahal ditu.
Euskaraz %76,6
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) %1,6ko igoera izango du iazko ikasle kopuruarekin alderatuta, orduan 12.922 izan baitziren. Gainera, ikasleen %76,6k, (10.060 lagun), euskaraz egingo dute azterketa, eta %23,4k (3.070) gaztelaniaz.
Deialdi honetako emaitzak ekainaren 11n argitaratuko dituzte.