Abian da aldiriko tren zerbitzu berria, Miranda Ebro eta Altsasu geltoki nagusi dituena, eta Arabako lurretatik igaroko dena; Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Gasteiz, Dulantzi, Agurain eta Araiako geltokietan egingo du geldialdia. Eskaintzaren barruan, tren berriak daude eguneko tarte garrantzitsuetan eta errefortzuak izango dira asteburuan, lehen Gasteizen amaitzen ziren ibilbideak luzatzeaz gain. Zirkulazioen %48 zerbitzu berriak edo luzatuak dira, aurreko eskaintzarekin alderatuta.
Bidaia guztietan, guztiz berriak diren zerbitzuetan izan ezik, bidaiatu aurretik erreserbatu beharko da treneko eserlekua, orain arte bezala. Gainera, zerbitzuaren erabiltzaile berriek, ekainaren 30era arte, erabateko doakotasuna izan dezakete aldirietan eta distantzia ertainean ezarritako abonuekin. Abonuarekin zortzi bidaia egitean lortuko da doakotasuna. Horretarako, 20 euroko fidantza jarriko da, baina epe hori amaitu eta eskatutako gutxieneko bidaia kopurua bete ondoren fidantza itzuliko da.
Zerbitzuak urtean lau milioi euroko kostua izango du, eta Jaurlaritzak ordainduko dio Renferi —11,4 milioi euroko inbertsioa izango du 2027ra arte—. Zerbitzua egiteko zenbateko horri gehitu behar zaio Adifek geltokiak hobetzeko egiten duen inbertsioa.
"Arabako eskaera historiko" bati erantzuten diola esan du Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak, eta herritarrei dei egin die zerbitzua erabil dezaten "zerbitzu publikoak defendatzeko eta legitimatzeko" modurik onena baita. "Lehendik dagoen zerbitzua ibilbide berriekin eta tarifa merkeagoekin indartu dugu".