ELAk eta LABek "kezka eta haserrea" adierazi dute azken hilabeteetan Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorerako hitzarmenaren negoziazioan gertatzen ari denaren aurrean. Salatu dutenez, sei urteko borrokaren ondoren sektoreko patronalek eta aldundiak ez dute "ezer adosteko interesik" erakutsi, eta sindikatuek ondorioztatu dutenez, gainera, "ez dute probintzia hitzarmenik nahi Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorerako".
Gauzak horrela eta haien aldarrikapenak kontuan hartzen ez direnez, ekainaren 4an eta 5ean grebara deitu dituzte langileak. "ELAk eta LABek borrokan eta grebak egiten jarraituko dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortu arte. Prekarietatearekin amaituko duen hitzarmen bat nahi dugu", esan dute.
Aldundiarekin biltzeko zain
Langileen ordezkariek gogoratu dutenez, "dozenaka promesa bete gabe eta atzerapen handian egon ondoren", aurten jaso dute azkenik aldundiaren proposamen bat eta horren harira bilera bat eskatu zuten foru erakundearekin zenbait gai zehazteko eta aldaketak egiten saiatzeko. Alta, aldundiak ukatu ei die bilera hori egitea. "Aldundiaren jarrera oso bidegabea da gure adinekoen zaintzaz arduratzen den sektore pribatizatu honekiko".
Bestalde, patronalek "blokeo jarrerarekin" jarraitzen dutela azpimarratu dute. Adibide gisa esan dute urtebete daramatzatela azken proposamena egin zutenetik eta patronalek azken negoziazio mahaia bertan behera utzi zutenetik. "Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorea ezin da izan langileen lan baldintza prekarioekin negozioa egiteko eremu bat", azpimarratu dute.