Maider Etxebarriak ez du gainditu, Ramiro Gonzalezek bai

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 29a

Gasteizen nahiko berdinduta daude herritarren kezka nagusiak. Argazkia: EITB

EITB Focusen inkestak Hego Euskal Herriko biztanleen iritziak jaso ditu, politikarien balorazioaz eta hainbat gaien inguruko jarreraz galdetuta. Segurtasuna, osasuna eta etxebizitza dira gasteiztarren kezka nagusiak.

Arabako politikariei buruzko iritziak argitaratu dituzte EITB Focus inkestaren emaitzetan, Hego Euskal Herriko beste herrialdeetakoekin batera. Lau hiriburuetatik Iruñea eta Bilboko alkateek baino ez dute gainditu herritarren 5 puntuko nota. Maider Etxebarriak, aldiz, 4,8ko balorazioa jaso du. Bera da lau alkateetatik herritarrek gutxien ezagutzen dutena, ulergarria agian, ez baita publiko aurrean gehiegi nabarmendu legegintzaldiko bi urteotan, baina hala ere gasteiztarren %93k diote ezagutzen dutela.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, berriz, hamarretik 5,4 puntuko balorazioa jaso du arabarren partetik, Gipuzkoa eta Bizkaiko bere homonimoen azpitik, 5,6 eta 6 puntu jaso baitituzte haiek, hurrenez hurren. EAEko hiru ahaldun nagusiak dira EAJkoak, eta Gonzalezen hirugarren legegintzaldia du jada, kostaldekoen lehena den bitartean. Horrek azaldu dezake, batetik, nota kaxkarragoa izatea, eta bestetik Gonzalez besteak baino askoz ezagunagoa izatea; arabarren %71k ezagutzen dute bera, eta besteak ez dira %60ra heltzen.

Herritarren kezka nagusiak

Duten bizi kalitatearen balorazio positiboa egin dute orokorrean herritarrek, 7,6ko nota jarrita. Hala ere, kezkak ere azaleratu dituzte zenbait gairen inguruan. Bilbon, adibidez, segurtasuna da arazo nagusia herritarrentzat (%42,5), eta etxebizitzak kezkatzen ditu gehien Donostian (%37,9). Gasteizen, aldiz, nahiko berdinduta agertzen dira, kezka nagusi gisa, segurtasuna (%22,3), osasuna (%22,1) eta etxebizitza (%21). Hiru hauek gailendu dira herrialde guztietan, eta orokorrean etxebizitza izan da nabarmenena, herritarren %19,9ak aipatu baitu kezka hori.

%52,4ak beharrezkotzat jotzen ditu Emisio Gutxiko Eremuak

Ingurumen gaietan sartuta, Hego Euskal Herriko biztanleak bananduta daude autoei jarri beharreko mugen inguruan. Erdiek inguru uste dute neurriak ezartzen jarraitu behar dela udalerrietan autoen erabilera murrizteko, baina beste erdiak uste du ez dela muga gehiago behar (%47,9 eta %47,6, hurrenez hurren). Aurkako jarrera bereziki nabarmena da 18 eta 35 urte bitarteko biztanleen artean, %39,9a soilik baitago neurri hauen alde.

Emisio Gutxiko Eremuei buruz galdetuta, %52,4ek beharrezkotzat jotzen dituzte, baina %37,5a dago aurka. Arlo honetan ere gazteak dira neurria gutxien babesten dutenak.

Gizaker enpresak egin du inkesta EITB Focusentzat, eta 871 pertsona elkarrizketatu dituzte Araban, 3.871 lagun guztira Hegoaldean. Maiatzaren 5etik 21era bitartean egin zituzten galdeketak, telefonoz. Datuak zehatzago ezagutu nahi izanez gero, Gardentasun atariko Open Data atalean kontsultatu daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago