Errenta aitorpena aurkezteko epea uztailaren 4ra arte luzatu dute

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 29a

Iazko kanpainarekin alderatuz "hitzordu gehiago" eskatu direla dio aldundiak. Argazkia: AFA

Ekainaren 9ra arte eskatu ahalko da aurretiko hitzordua. Aitorpen kopurua %2,8 handitu dela argudiatu du Foru Ogasunak.

Aurtengo errenta aitorpena aurkezteko epea uztailaren 4ra arte luzatuko duela iragarri du gaur Foru Ogasunak. Ohar batean aldundiak azaldu duenez, Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan izan den aurrez aurreko hitzorduen "eskari handia" dela-eta hartu dute erabakia. Hitzordua eskatzeko azken eguna ekainaren 9a izango da.

Iazko kanpainarekin alderatuta hitzordu gehiago eskatu direla direla dio Ogasunak, horren inguruko daturik zabaldu ez badu ere. Bestalde, aurten aitorpen kopurua ere handiagoa izango dela aurreikusi dute: 199.860 aitorpen espero dira, 2024ko 194.460 aitorpenen aldean —%2,8 gehiago—.

Neurri honek Rentaraba eta Rentared modalitateetan eragina duela erantsi dute, baita Ondarearen gaineko zergan eta aberastasun handien gaineko zergan ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago