Ataka larrian utzi ditu Azucarerak Arabako erremolatxa ekoizleak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 29a

Miranda Ebroko Azucarerak ez du erremolatxa gehiago jasoko. Argazkia: ALEA

British Sugarrek ez du erremolatxa ehoko Miranda Ebron, eta azukre kanaberaren findegia soilik mantenduko du.

British Sugarrek aste honetan baieztatu du aurrerantzean Miranda Ebroko azukre fabrikak ez duela erremolatxa ehoko, eta azukre kanaberaren findegiaz soilik arduratuko dela Burgosko faktorian. Enpresak azaldu duenez, erremolatxa azukre guztia Toroko (Zamora, Espainia) instalazioetan ekoitziko du. Ehotze guztia zentro bakar batean biltzeko erabakia "enpresaren etorkizuna bermatzeko" modu bakarra dela esan dute.

Burgoseko fabrikak 80 edo 90 langileko plantilla finkoa mantenduko du findegian, baina iragarritako neurriak ehotzeko denboraldian sartzen ziren aldizkako berrogeita hamar langile finko ingururi eragingo die, sindikatuetako iturriek adierazi dutenez. 

UAGAren kritika

Bestalde, UAGA Arabako nekazarien sindikatuak kezkaz hartu du erabakia eta azpimarratu du Miranda Ebroko Azucareraren itxierak laborea desagertzera eraman dezakeela. Sindikatuaren esanetan, Miranda Ebroko azukre fabrikaren gainbehera azkartu egin da British Sugar enpresa akziodun nagusi gisa sartu ondoren. "Multinazionalak hainbat erabaki hartu ditu, hala nola Lanbide arteko Esparru Akordioa hautsi izana, eta horrek laborearen errentagarritasuna txikitu du, erremolatxa hondakin laborea bihurtuz".

Urtearen hasieran ohartarazi zuen UAGAk prezio "irrigarriak" eskaintzen ari zela Azucarera. "Horren ondorioz, aurten kontratatutako erremolatxaren azalera izugarri jaisten ari da, eta, gainera, ereiteko zailtasunak daude, udaberri honetako klimatologiaren ondorioz". Araban erremolatxa labore estrategikoa dela azpimarratu du nekazarien sindikatuak, "bai lurrarekiko egokitzapenagatik, bai laboreen errotazioagatik eta dauzkagun ureztatze azpiegiturengatik". Alta, British Sugarren erabakiek laborearen iraupena arriskuan jarri dute.

UAGAk, berriz, erremolatxaren aldeko apustua egiten jarraituko duela esan du, lurraldean funtsezkotzat jotzen baitu, eta horri eusteko alternatibak bilatuko dituela adierazi du, "betiere errentagarritasuna nekazaritzako ustiategietarako bermatuta badago". 

Arabako nekazariek 78.948 tona azukre erremolatxa ekoitzi zituzten 2023an, lurralde osoan laboreak hartu zituen 918 hektareatan. Arabako Lautada eta Arabako Haranak (Berantevilla, Kuartango, Gaubea, Añana...) erremolatxa landatzeko eremu tradizionalak izan dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago