Enpresaren fundazioaren 155. urteurrenarekin batera, Heraclio Fournier karta enpresak emakumeak omentzen dituen karta sorta aurkeztu du gaur Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan.
Emakume irakasle, ikasle, karta egile eta mezenak irudikatzen dituzten paloen bitartez, sortak "figura historikoak nabarmentzen ditu, batzuk zehatzak eta beste batzuk era anonimoan irudikatuak, haien memoria berreskuratzeko eta historian duten lekua finkatzeko helburuarekin", adierazi du aldundiak, ohar batean.
Heraclio Fournierren urteurrenarekin batera, Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrena ere ospatzen ari direnez, larunbaterako ekitaldi berezia antolatu dute eskolan. Bertan mus txapelketa, karta erraldoien erakusketa, karta sorta berriaren jatorrizko dokumentuen erakusketa eta sari erruleta bat bat egongo dira, besteak beste.
Ana del Val Kultura diputatuarekin batera egon dira Diego Ruiz de Gauna Fournierreko marketin arduraduna, Uxua Garcia Arte eta Lanbide Eskolako zuzendaria, Nuria Perez Carcamo irakasle eta karta sortaren diseinatzailea eta Blanca Garaluce Fournierreko diseinatzaile eta karta jokoaren arte zuzendaria.