Gasteizko markesinetan iragarkiak agertu dira adinekoen egoitzen negozioaren aurka

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 28a

Hainbat markesinatan agertu dira iragarkiak. Argazkia: ALEA

Sektore pribatua nagusi dela salatu dute, eta plaza pribatu gehienak diru publikoz ordaintzen direla.

Gasteizen, azken egunetan, hainbat markesinetan iragarki batzuk jarri dituzte, "zahartzearen negozioa" izenburupean, erakusteko adinekoen egoitzen sektorean zenbat pisu duten negozio pribatuek. Kartel hauek “Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea” izeneko talde batek sinatuta daude. 

Datu zehatzak ematen dituzte Arabako egoitzen errealitateari buruz. Iragarkien arabera, Araban adinekoentzako egoitzetako plazen laurdena baino ez da publikoa. Gainera, plaza pribatuen %60 Arabako Foru Aldundiak finantzatzen duela azaltzen da bertan, diru publikoaren helmuga pribatua nabarmenduz. 

Zehazki, 1.030 plaza publiko daude Araban, 294 itunpeko plaza publiko, eta 1.097 plaza pribatu ordaintzen dira ZLPE (Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoa) bidez. Bestalde, Diputazioaren laguntzarik gabe ordaintzen diren plaza pribatuak 887 dira. Datu horiekin erakutsi nahi izan dute eredu pribatua dela nagusi, eta plaza pribatu gehienak diru publikoarekin finantzatzen direla. Horrez gain, aurreko astean jakin zen datozen hilabeteetan 258 plaza pribatu baino gehiago sortuko direla Gasteizen, negozio eredu honek hazten jarraituko duela erakutsiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago