Flix Alemaniako garraio enpresak Talgori 2.400 milioi euro inguruko kontratua esleitu dio Talgo 230 plataforman oinarritutako abiadura handiko 65 tren hornitzeko. Akordioak 30 unitateko hasierako eskaera finko bat barne hartzen du, 1.060 milioi euroko balioarekin, eta flota osoaren hamabost urteko mantentze lanak.
Ohar batean, tren hauek "irisgarritasun osoa eta digitalizazio maila altua izango" dutela adierazi du enpresak, eta Alemania, Austria, Herbehereak, Danimarka eta Suedian operatuko dute, mugaz gaindiko zerbitzuak etenik gabe eskainiz.
Kontratuaren arabera, Talgo 230 trenek ez dute lokomotorarik izango, horiek hirugarren batek fabrikatuko dituelako. Adimen artifizialarekin "mantentze lan berritzailea" egingo dutela aurreratu du enpresak, tren bakoitzeko milaka sentsore erabiliz. Horiek egunean 2 GB datu sortuko dituzte.
FlixTrainek abiadura handiko tren merkatuaren hazkundea aprobetxatu nahi du, Alemanian 2030erako %45 haziko dela aurreikusten baita. Talgok helarazitako informazioaren arabera, merkatu horrek 2023an 27.000 milioi euroko balioa izan zuen Europan, urteko %4-5eko hazkundearekin.