Arabako eskolarteko bertso finala jokatu dute larunbatean Aramaioko kultur etxean, eta Jokin Onaindia izan da nagusi. 14 eta 18 urte bitarteko bost finalista aritu dira kantuan, irabazlearekin batera, Peru Abarrategiren aginduetara: Anitz Abarrategi, Garai Agirre, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente.
Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik; batxilergoko notak, zortzimilako mendietara espedizioak eta gurasoak izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena; udalekuetan, jatetxe exotikoetan eta alaba-aita arteko elkarrizketetan murgilduta igaro dira umore ederrean. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da.
Ekaitz Samaniego, Endika Jimenez, Aitor Jimenez eta Egoitz Martinez de Albenizek osatu dute epaimahaia, eta hauek emandako puntuazioaren arabera, ekainaren 14an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Jokin Onaindia eta June Astegieta arituko dira Arabako ordezkari gisa.
Aroa Arrizubieta Arabako bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela Jokini eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso du haren eskutik.