Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko diputatuak Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030 aldirako Planaren lehen balantzea (2019-2022 urteei dagokiena ) aurkeztu du gaur batzar nagusietan. "Arabak hondakin gutxiago sortzen du eta azken urteetako beheranzko joera sendotu du", esan du Zaratek.
Zehaztu duenez, murrizketa hori %5ekoa da, eta "hondakinen sorreran izandako murrizketa hori Barne Produktu Gordinaren igoerarekin kontrastatzen bada, ikusten da ekonomiaren aurrerapenaren eta hondakinen sorreraren artean desakoplamendua gertatzen ari dela". 2023an, 131.395 tona hondakin sortu dira lurraldean, hau da, 390,26 kilo biztanleko, "eta azken 10 urteetako baliorik txikiena da hori", azpimarratu du.
Hondakin gehienak, nahasturik
Zaratek aurkeztu duen balantzearen arabera, azken urteko birziklatzearen ehunekoa %37koa izan da, eta paperak eta beirak izan dituzte tasarik onenak. Hala ere, diputatuak berak aitortu duenez, hondakinen %61a nahasturik biltzen da oraindik, hondakinen hierarkiarako tratamendu egokia zailduz. Hala ere, Zarate ziur dago azpiegitura berriek datu horiek irauliko dituztela, eta konpostaje planta eta tamaina handiko hondakinak tratatzeko planta 2026ko bigarren seihilekorako martxan egongo direla iragarri du. Azpiegitura berriak hondakinen tratamenduan markatutako ingurumen helburuak lortzeko lagunduko dutela azaldu du.
Bestalde, foru diputatuak kuadrilletan egin eta arrakasta izan duten esperientzia pilotua eta proiektuak nabarmendu ditu, hala nola "Kripango etxez etxeko bilketa eta konpostajea; nekazaritzako konpostajearen azterketa pilotua, Abereren eskutik; eta Gasteizko Udalak materialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko egindako proiektuak".
Ildo horretan, berriz ere, Kripan eta Eltziego dira Araba osoan bilketa bereiziaren ratiorik onena duten udalerriak, % 87a eta %64a hurrenez hurren. Ondorioz, ederki bete dute 7/2022ko Legeak 2035erako ezarritako bilketa bereiziaren %50aren helburua. Halaber, bilketa bereizi horri esker, kudeaketa ere hobetu da, %84aren eta % 61aren birziklape balioekin; horiek Araba osoko baliorik altuenak izan dira.
EH Bildu: "Berandu goaz"
Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko diputatuak egin duen balantze positiboaren aurrean, EH Bilduko batzarkide Ruth Ibisatek datuen beste irakurketa bat egin du, "ez hain positiboa". "Berandu goaz", esan du Ibisatek, eta azpimarratu du planaren garapena bizkortzea behar dela, hiri hondakinen kudeaketaren planean markatutako "helburu estrategiko gehienetan edo inportanteenetan" ez delako helburua lortu.
Ibisatek zehaztu duenez, hondakinen %5 gutxienez berrerabilerarako prestatzeko helburua ezarrita zegoen 2023. urterako "baina %0,69an gaude, % 5etik oso urrun". Halaber, hondakinen %60 gutxienez birziklapenerako prestatzeko helburua ezarrita zegoen 2023an, "eta %37an gaude". Gainera, biohondakinen birziklapenari dagokionez, sortutako biohondakinaren %55 birziklatu beharko zen 2025ean, eta %60 2030ean, "eta 2023an %22 birziklatu dugu -esan du Ibisatek-, aurreko urtean baino kopuru txikiagoa". "Papera eta beira birziklatzeari buruzko datuak onak dira, joera positiboa da, baina ontziak birziklatzea helburutik oso urrun dago ( % 33). Zabortegietara botatzen diren hondakinen kopuruari dagokionez ere oso urrun gaude iritsi beharko genukeen %15etik", azaldu du EH Bilduko batzarkideak.
Ibisatek aitortu du tona hondakin gutxiago jaso dela 2023an eta beheranzko joera dagoela. "Baina nola jasotzen da jasotzen duguna?", galdetu du. "Hondakinen %61 nahastuta biltzen dira oraindik, eta soilik %39 bereizita. Horrek nabarmen zailtzen du tratamendu egokia eta birziklapena. Nahastuen %5 baino ezin baita birziklatu. Gutxiago biltzen da, baina ez da ondo biltzen", esan du Ibisatek.
Beraz, hiri hondakinen kudeaketan fokua jarri behar dela azpimarratu du EH Bilduk, "datuak kezkagarriak direlako", eta hurbiltasun eredu batera joateko proposatu du Ibisatek, "Gasteizko eredu zentralizatzailetik ateraz". Halaber, emaitza onak eman dituzten Kripan eta Eltziegoko proiektu pilotuak beste udalerri batzuetako eredu izan behar direla azaldu du.
Inbertsio gehiago
PPk bere aldetik, inbertsio ekonomiko handiagoa galdegin du, eta plana "oso motel" doala azpimarratu du. "Planaren 12 urteetatik bost geratzen dira, eta %17 bakarrik inbertitu da; 11 milioi inbertitu dira eta 65 milioi inbertitu behar ziren. Konpostaje planta ez dago eta ez dakigu noiz zabalduko den…". Podemosek ere egikaritzen ezin diren inbertsioak daudela kritikatu du, eta faltan bota du herritarrei zuzendutako prebentzio eta prestakuntza jarduerak Araba osoan zabaltzea.
