Euskara bizitzarako erabiltzeko beharra nabarmendu du, ikasgelatik kanpo, gauza interesgarriekin lotu beharra. Eragiteko Janzten saioen aitzakian izan dugu elkarrizketa.
Zenbat ikasle dituzue Hizkuntza Eskola Ofizialean?
Euskaran 1.500 baino pixkatxo bat gutxiago. Baina gero librean, ziurtagiriak ateratzeko, beste 250 edo aurkezten zaizkigu. Orain murriztu egin da, garai batean gehiago izaten zen.
Zein profiletako jendeak eman ohi du izena zuenean?
Gehienbat ziurtagiriak ateratzera etortzen dira, lanerako behar dutelako edo; badakigu euskarak zein balio duen lanpostuetan. Beste kasu batzuetan jubilatutako jendea ere etortzen da, hor gelditu zaion arantza hori atera nahian edo, eta ume txikiak dituen jendea ere bai. Azken boladan nabaritzen dugu beste herrialde batzuetako jatorria duten ikasleak ere hurbiltzen ari direla geroz eta gehiago.
Euskara ikasteko motibazioa asko aldatu da?
Garaiak aldatu dira, gizartea aldatu da, euskaldun kopurua aldatu da... Nik uste dut euskararen erabilera eta ezagutza aldatu dela, onerako eta txarrerako, eta batez ere erabilera praktikorako nahi duela jendeak. Lehena da puntuak lortzea, ziurtagiriak ateratzea, baina konturatzen gara jendeak harrotasuna sentitzen duela hizkuntza bereganatu ahala; mundu bat zabaltzen dio. Uste dut gakoa dagoela biak uztartzean, ezin dugu ukatu beharrizan profesional hori dagoela tartean.
Zeintzuk dira gaur egungo oztopo nagusiak?
Eskolak beti dira mugatuak, klase ordu kopurua dena da. Eta jendeak bizitza paralelo bat du, ezin dio eskaini behar den guztia, batez ere eskolatik kanpo, erabileran, aisialdian eta bizitzan zehar. Oztopo nagusietakoa da uztartzea eskola bera eta bizitza pertsonalean, egunerokoan, hizkuntzaren erabilera.
Nola animatu daiteke jendea euskara ikastera?
Klaseei dagokienez, ahalik eta klaserik onenak eta interesgarrienak emanda, biziak, eta saiatuz lotzen ikasgela kalearekin. Guk baditugu ekitaldiak GEU elkartearekin, mintzodromoak antolatzen ditugu, ospatzen ditugu egun berezi guztiak, euskararen eguna eta beste, maila guztietako ikasleak elkartuz, ikasgelatik aterata. Antzerkirako sarrerak ere erosten ditugu merkeago, eta ikasleen artean zozkatu. Baina uste dut garrantzitsuena dela bizitzarekin lotzea, gauza interesgarriekin, bestela alferrik da.
Baliabide nahikoa ematen da euskalduntzea errazteko?
Zer da nahikoa? Zaila da esatea. Gurea eskola publiko bat da, eta baliabideetan beste batzuk okerrago egongo dira seguruenik. Baliabideena ondo dago, baina ez da faktore bakarra. Zerbait afektiboa ere sortu behar da. Zerbait ikasten dugunean emozioek parte hartzen badute, askoz ere bultzada handiagoz egiten da aurrera.
Nola sustatu daiteke inplikazio emozional hori?
Hizkuntza bizitzarekin lotuz, baina ikasgelan bertan, bizitzan esanguratsuak diren egoerak aterata. Ikusten dugu batzuetan gure ikasleak euskararen mundutik oso aparte bizi direla. Haien eguneroko bizitza bat da, eta euskara beste bat, ikasgelan. Hori uztartzen ez badugu zaila izango da bereganatzea eta emozio horiek bizitzea.
Nola sustatu daiteke euskara jakitetik erabiltzerako pausoa?
Zaila dugu. Lehia handia dago gizartean, komunikabideetan, eskaintza ugaria da egun, batez ere euskaraz ez dena. Gauza interesgarriak eskainiz, seguruenik. Militantzia pixka bat ere falta dela uste dut, orokorrean. Hizkuntza bat erabiltzea, ikasten ari garenean, ahalegin bat da. Eta beste hizkuntza nagusiago bat ondoan daukagunean, eta gure helburua komunikatzea bada... Ahalegin hori pertsonala da, kolektiboa ere bai, baina pertsonala. Ikasten ari den jendeak ezin du pentsatu dena eskainiko zaiola, esfortzu bat dago.
Ahalegin militante hori ikasle edo irakasleena izan behar da?
Denona, baina ikasleena ere bai. Ahalegina egin behar da, eguneroko bizitzan hizkuntza batetik bestera pasatzeko erabileran. Dena gaztelaniaz egiten badugu, euskara ikasi arren ez dugu egun batetik bestera erabiliko. Pauso txikiak emanez, eremu txikietan hasita... Umeak dituztenek badute erronka hori, eta txikiekin gutxienez saiatzen dira. Halako zirkuluak sortzea garrantzitsua da.
Zer egin genezake euskara urrundik bizi dutenak erakartzeko?
Gauza interesgarriak eskaini behar dira, arruntak. Euskaraz beti euskarari buruz hitz egiten egotea nekagarria izan daiteke. Erraza da esaten, nik ere ez daukat formularik, baina bizitzaren parte natural moduan hartzea, ez ezer ideologikoa, ez etsaitzat hartuko gaituena. Nola egiten den hori? Zaila da, ez dago formularik. Agian momentu batzuetan elebidun izan, erdara hutsekoak izan beharrean, familietan, talde txikietan, poliki-poliki... Batzuk esango didate kontrakoa gertatzen ari dela, euskaldun kolektiboetan erdara sartzen ari dela, baina beste batzuekin zubia sortu beharra dago.
Orduan, benetako inplikazioa euskaltegitik kanpo dator?
Bai, baina gure lanetako bat da eskaintzea beste esparru horiek. Ikasle talde bat elkarrekin antzerkira badoa, eremu horretan euskaraz arituko dira haien artean. Inguruneak sortzea da garrantzitsua, existitzen den mundu bat erakustea, eta parte izan daitezkeela ezagutaraztea.
Ikasleak pozten dira euskalduntzeaz?
Bai. Poztu denak. Ikasteak beti ematen du. Nahiz eta ziurtagiria izan azken helburua, lortu izanak pozten ditu, eta gai izateak gauza batzuk ulertzeko. Batez ere beheko mailetan esaten dute mundu bat galtzen ari zirela. Gero erabilera gehiago kostatuko da egunerokoan, baina behintzat zenbait gauza ulertzea gure paisaia urbano honetan, bada pozgarria. Gero batzuk afektiboki saltoa errazago egingo dute, edo kontzienteago. Gai izatea jende ezberdinarekin euskaraz aritzeko, norberarekin zerikusirik ez daukan jendearekin, aberastasuna da hori. Eta normaltasuna, espero ez duzun norbaitek euskaraz egitea. Gertatzen da.