Absentismoa "lehiakortasuna oztopatzen duen faktore nagusienetakoa" dela dio Gonzalezek

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 23a

Lan Absentismoa Kudeatzeko eta Murrizteko SEA Programaren aurkezpenean parte hartu du Gonzalezek. Argazkia: AFA

Arabako enpresariek antolatutako jardunaldi batean ziurtatu du egunero 10.000 arabar falta direla lanera.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiarentzat, lan absentismoa "lurraldearen lehiakortasuna oztopatzen duen faktore nagusietako bat" da; are, faktore horrek enpresa handi, ertain eta txikien produktibitatean, lan-giroan eta "enpleguaren jasangarritasunean" ondorio zuzenak dituela uste du Gonzalezek. 

Atzo Jardines de Uleta hotelean, SEA Arabako enpresarien elkarteak duen Lan Absentismoa Kudeatzeko eta Murrizteko SEA Programaren aurkezpenean diputatu nagusiak ziurtatu du egunero 10.000 arabar falta direla lanera.

EAEk azken urtean "absentismoa murriztu duen arren", diputatuak dio esku artean dutena ez dela "datu ona", eta erantzun "orokorra eta adostua" eskatu du.

Egoerari aurre egiteko hainbat faktore aipatu ditu. Alde batetik, "prebentzioa", eskatu du, osasun fisikoa eta emozionala zaintzen dituzten "lan ingurune osasungarrien bidez". Bestetik, "lidergo eredu parte hartzaileak eta horizontalak sustatu" behar direlakoan dago Gonzalez, Azkenik, "motibazioa, kontziliazioa eta ordainsari politika erakargarriak" aipatu ditu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago