Errolda eskubidea aldarrikatzeko manifestaziora deitu dute

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 22a

Ekainaren 5erako mobilizazioa deitu dute. Argazkia: ERROLDARIK GABE, IZATERIK EZ

Ekainaren 5erako deitu dute mobilizazioa, Plaza Berritik abiatuta.

Erroldarik gabe, izaterik ez kanpainak manifestazioa deitu du ekainaren 5erako, Gasteizen, hamarnaka eragile, sindikatu eta elkarteren babesarekin. 18:30ean abiatuko da Plaza Berritik, Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Padrón y derechos para todas leloa buru.

2023an hasi zuten kanpaina Gasteizko hainbat kolektibok, Udalak errolda lortzeko "oztopoak" jartzen zituelako. "Errolda bera eskubide eta betebehar bat da, udalerri batean bizi diren pertsona guztiak inskribatzen diren erregistroa da, eta horren bitartez oinarrizko baliabide batzuetara sarbidea ematen da", gogoratu dute manifestaziora deitzeko eginiko agerraldian, eta Gasteizko Udala, "ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen" ari dela salatu. "Horrek, oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten du, hala nola, babes sozialeko sistema, osasun sistema eta lan eskubideak. Azken batean, erroldarik gabe ez gara existitzen".

Agerraldian gogoratu dutenez, Espainiako Estatuko legearen arabera, pertsona guztiek bizi diren udalerrian erroldatuta egon behar dute. "BOEren ebazpen batek jasotzen du infraetxeetan eta etxebizitza gabe bizi diren pertsonek errolda lortzeko eskubidea dutela, etxearen titulartasunaren inguruan egon daitezkeen eztabaida juridiko-pribatuak edo bestelakoak alde batera utzita". Ondorioz, azpimarratu dutenez, txabolak, karabanak, kobazuloak edota kalea bera, erroldatzeko helbide baliodun gisa ager daitezke edo agertu behar dute.

Agerraldian azaldutakoaren arabera, Gasteizko Udalak baldintza batzuk ezartzen ditu, pertsona askori oinarrizko eskubide hau eskuratzea eragotziz, etxebizitza baten jabe izatea eskatuz, edota alokairu kontratua izatea eta jabeak erroldatzeko berariazko baimena eman behar izatea. "Azken batean, jabeen esku uzten du erroldatzeko erabakia. Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da hau. Udalaren erabaki horrek errolda merkantzia bihurtu du, jende asko kontraturik gabeko alokairuan, etxe okupatuetan, senideen edo lankideen etxebizitzetan, kalean... bizi garelako eta errolda behar dugulako legez gure eskubideak eskuratzeko".

Manifestazioarekin bat egin dute, besteak beste, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, Arana, Ibai-Lakua, Errota Zaharra eta Salburua Burdinbide auzo elkarteek, Gasteizko Gaztexeak, Zapateneok eta Sumendi espazioak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago