Zaintza lanak aitortzeko galdegin dute erresidentzietako greban

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 22a

Greba dute ostegunean eta ostiralean Arabako erresidentzietan. Argazkia: LAB

Datozen bost urteetan mila zaintzaile baino gehiago behar direla aurreikusi du aldundiak, mendekotasuna duten pertsonak zaindu ahal izateko.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean negoziazioaren egoera "kezkagarria" dela esan dute ELA eta LAB sindikatuek. Gogoratu dutenez, 6 urte baino gehiago iraun duen gatazkaren ondoren, aldundiak eta patronalek ez diote erantzun sindikatuek negoziazioa desblokeatzeko egindako proposamenari. "Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen langileek ez dute onartuko hain prekarizatuta dagoen sektorean lan baldintzak benetan hobetuko ez dituen hitzarmenik. Bada garaia zaintza lanak benetan aitortzeko", esan dute.

Sindikatuen esanetan aldundiak ez du ELArekin eta LABekin elkartu nahi izan, "eta desblokeatzeko proposamen bat aurkeztu zenetik hilabete baino gehiago igaro ondoren, Gizarte Gaietako diputatuak ez du erantzunik eman". Bestalde, patronalek bertan behera utzi zuten azken negoziazio mahaia, "argudio lausoekin", eta oraindik ez diote erantzunik eman ELAk eta LABek emandako proposamenari.

Ostegun honetan eta ostiralean ere greba egingo dute langileek lan hitzarmen probintzialaren alde.

Gizarte Zerbitzuen Arabako Mapa

Erresidentzietako langileek Arabako Diputazioaren aurrean kontzentrazioa egin duten bitartean, Batzar Nagusietako Gizarte Ongizateko Batzordean agerraldia egin du Gizarte Politiken foru diputatu Gorka Urtaranek Arabako Gizarte Zerbitzuen I. Maparen diagnostikoa aurkeztu du. Horretan jasotzen denez, 2030. urteari begira, aldundiak indartu egin beharko ditu pertsonak beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izateko zerbitzu komunitarioak, hala nola Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ), eguneko zentroak edo mendekotasunerako  prestazio ekonomikoak.

Ildo horretan, datozen bost urteetan mila zaintzaile baino gehiago behar direla aurreikusi du aldundiak, mendekotasuna duten pertsonak etxean zaindu ahal izateko. Lurraldeko gizarte premiak aztertu dira, eta horretarako kontuan hartu dira Arabako bilakaera demografikoa eta mendekotasuna, babesgabetasuna eta gizarte bazterketako egoerak eta gizarte baliabideetan 2030era arte lortu beharreko helburuen proiekzioa.

Halaber, mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako eguneko zentroko 350 plaza inguru sortzea aurreikusten du diagnostikoak. "Hori guztia alde batera utzi gabe hainbat egoitza baliabide aurrera eramatea, gehienak hauei zuzenduta: gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta bereziki landa eremuan babesgabetasun egoeran dauden adingabeei".

Kalkulu horiek Arabako Gizarte Zerbitzuen II. Mapan zehaztu beharko dira. Mapa hori Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Saila egiten hasiko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago