Mugarik Gabe erakundearen eskaerari erantzunez, aldundiak 7.975 euroko diru laguntza onartu du Nelton Rivera Guatemalako kazetari eta historialariaren aldeko "babes neurrietarako".
Aldundiak berak zabaldu duenez, aurreneko aldia da Eragiteko eta Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Mekanismo izenekoa abian jartzen dutena. Neurria Nazio Batuen Giza Eskubideen Defendatzaileei buruzko Adierazpenarekin bat datorrela dio foru erakundeak.
Prensa Comunitaria izeneko hedabidearen sortzailea da Rivera, eta batez ere ingurumen gaietan egindako "ikerketa komunitarioan erreferentea" da. "Kazetariak herrialdean eragin nabarmena izan duten eta mehatxuak eta estigmatizazio eta difamazio kanpainak ere eragin dizkioten ikerketa ezagunetan parte hartu du", argudiatu du aldundiak.
Emandako laguntzaren helburua da "diruz laguntzea ingurune seguru bat babestu eta sustatzeko hainbat neurri, haren eskubideak babesten saiatzeko, aurre egin beharreko arriskuak arintzeko, eta egiten duen giza eskubideen defentsa baketsua bultzatzeko".