Eraikin instituzionalak bisitatu ahalko dira hiriburutzaren 45. urteurrenean

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 19a

Legebiltzarra izango da bisiten jomugetako bat. Argazkia: IREKIA

Legebiltzarra, aldundia, udaletxea edota gobernuaren ordezkaritzak irekiko dituzte, besteak beste.

Gasteizek EAEko hiriburu izatearen 45. urteurrena ospatuko du hilaren 23an eta 24an, zenbait eraikin instituzionalera bisita gidatuak antolatuz. Ibilbideek Ajuria Eneko lorategiak, Eusko Legebiltzarra, Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak, Gasteizko Udaletxea, eta Gobernuaren Ordezkaritza eta Ordezkariordetza bisitatuko dituzte.

Udalak ohar batean ezagutzera eman duenez, guztira, dozena bat bisita gidatu egingo dira, 360 plaza eskainiz, talde bakoitza gehienez 30 pertsonak osatuta. Ostiralean Eusko Legebiltzarra, Ajuria Eneko lorategiak eta Gobernuaren Ordezkaritza bisitatuko dira. Larunbatean, Foru Aldundia eta Batzar Nagusiak, Udaletxea eta Gobernuaren Ordezkariordetza izango dira protagonista. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, hizkuntz bakoitzean sei ibilbide eskainiz.

Parte hartu nahi dutenek www.labur.eus/capital estekan dagoen inprimakian eman dezakete izena, maiatzaren 21era arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago